Alerta laranjan ostegun eta ostiralean, euriteengatik

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 20a, 00:00

Gaur gauerditik, ostiral eguerdira arte alerta laranjan egongo garela iragarri du Euskalmet-ek, 24 orduren buruan metro karratuko 60 litro baino gehiago pilatuko direlakoan. Adi beraz, errepide eta errio bazterretan. "Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra, kantauri isurialdean oso ugaria. Egunaren bigarren partean trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea handia da", hala dio Euskalmet-ek. Uholdeen beldur, Eusko Jaurlaritzak jada, Larrialdi Plana martxan jarri du, "aurrelarrialdi fasean". Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako larrialdi eta babes zibiliko zerbitzuak prest dira, datozen orduotarako. Momentuz, ekaitza Bizkaiko hainbat zonaldeetan arazoak eragiten ari da. Hainbat ibaiei begira daude jada, herrialde hartan.

Gipuzkoan oraingoz, egoera ez da hain larria, nahiz Oriak esaterako ur asko dakarren. Aste hasieratik alerta horian egon gara eta. Gaur eguerdian indargabetu dute egoera hau. Giro traketsena asteazken goiz honetarako espero baitzen. Hotz egingo du, euria ere bai, baina ordu batzuez behintzat egoera baretuko dela dirudi. 500 metrotaraino jaistea aurreikusten zen elur mailak ere gora egingo du hurrengo orduotan. Tarte batez hobetuko du giroak, aipatu moduan ordea, gauerditik aurrera euriteengatik alerta laranjan egongo baikara. Biharko eta ostiralerako beraz, eguraldi oso nahasia iragarri dute Euskalmet-etik:

AZAROAK 21, OSTEGUNA
"Ostegunean euria izango da hizpide. Goizaldean zaparradak batzuk bota dituen arren, goizetik aurrera izango da euria ugariago eta etengabe egingo du gainera, iparraldean batez ere. Arratsalde-gau partean trumoi-ekaitza izateko aukera dago, txingorrarekin batera. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, kostaldean batez ere. Tenperatura igoko da apur bat eta elur-kotak ere gora egingo du, 800-1100 metrora".

AZAROAK 22, OSTIRALA
"Ostiralean euria egiten jarraituko du eta tenperaturak behera egingo du berriro. Egunaren lehenengo partean egingo du euria indar handiagoz, isurialde atlantikoan batez ere; aurreko egunetan bezala, ekaitzak jo dezake, txingorrarekin batera. Tenperatura maximoak 5-10 ºC artean geratuko dira, elur-kota 600-700 metrora egongo da. Haizeak iparraldetik joko du beste behin".

Eguraldiari loturiko informazio eguneratua Euskalmet-en duzue, helbide honetan: http://www.euskalmet.euskadi.net