16 urteren ostean bi udalerriotako harremanak bizirik jarraitzen du. Iragan larunbatean 150 lagunek giro ederrean ospatu zuten, 90. hamarkada amaieraz geroztik urtero egiten duten topaketa. Hauxe, bertan egon zen usurbildar koadrilatik NOAUA!ra bidali duten kronika:
URDIÑARBE-USURBIL 16 URTEKO HARREMANA
1997.urtean Zuberoako Sohütako Eperra ikastola eraikitzeko lanetan parte hartu zen egunetik, adiskidetasun bero bat mantentzen dute bi herrietako lagun talde batek. Hainbat urtez, bien arteko pilota partidak, kantu saioak, afari prestaketak, ikastolaren aldeko otar salmentak… hitz batean esanda elkartasuna adierazi. Honen trukean beraien mintzaira jaso, ohiturez jabetu, beste ikusmolde bat ikasi eta guztien gainetik, gugandik ekialderantz dagoen herrialde baten lotura sendotzea lortu da. Handik igarotzerakoan Usurbil herria aipatuz gero, ederki asko dakite non dagoen.
Bestalde, joan den astebukaeran 150 lagun bildu ziren Zuberoako 250 biztanle dituen Urdiñarbe herrixkan. “Aldaparen” gidaritzapean 12 laguneko taldeak arrain-zopa, bakailu tortilla, entsalada, txuleta eta Azkorriako gasna prestatu zuten. Aurretik, urte luzez laguntzaile fin izan diren xiberotar emakume talde bati oroigarri bat oparitu zitzaion.
Animatzeko Ezpeletako Ezpela musika talde gazteak girotu zuen afalostea. Bi eskusoinu txiki, biolin bat eta atabalarekin eztarriak lanean jarri zituzten goizeko ordu txikiak arte.
Irudia eta kronika: Iñaki Agirresarobe.