Aldundiko Diputatuen Kontseilua: "Gipuzkoarrekin hartutako konpromisoa bete egin dugu"

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 20a, 00:00

Hala dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, behin betiko bertan behera geratu den errauste planta proiektuaren inguruan onartu duen adierazpen instituzionalean. Proiektu kaltegarri hau bukatu dela dio adierazpenak eta gaineratzen duenez, "denon artean Gipuzkoa garbiago, osasuntsuago eta iraunkorrago baten oinarriak ipini ditugu". 

Aurrera begirako norabidea argia da, zero zabor bidea jorratu asmo du Aldundiak. 2014an zabortegiak ixteko dagoen asmoaren aurrean, Diputatuen Kontseiluko kideen esanetan, azpiegiturak eraikitzen diren neurrian itxiko dira guneok. 2013ko azaroaren 13a, errauste planta proiektua behin betiko bertan behera utzi zuen akordioa ezagutzera eman zen eguna, gipuzkoarrontzat egun handi bilakatu dela diote. 

Hemen, Diputatuen Kontseiluak onartu duen adierazpen instituzionala, bere osotasunean:

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
2013ko azaroaren 13a egun handi bilakatu da gipuzkoarrontzat. Orduz geroztik, Gipuzkoan desagertu da errauste plantaren mamua. Behin betiko desagertu, gainera.

Gipuzkoan ez dago alkaterik bere herrian errauste plantarik nahi duenik. Ez dago gipuzkoarrik bere etxe atarian ke pozointsurik nahi duenik. Horregatik foru gobernu honen helburu nagusietakoa honako hau izan da: Zubietan eraikitzen ari ziren errauste planta toxikoa geldiaraztea eta ondoren bertan behera uztea. Eta halaxe egin dugu. Gipuzkoarrekin hartutako konpromisoa bete egin dugu.

Bukatu da proiektu kaltegarri hori, bukatu da gipuzkoarren osasuna arriskuan jartzen zuen amesgaiztoa, bukatu da gipuzkoarron diruak xahutuko zituen proiektu zentzugabea.

Milaka eta milaka gipuzkoarrek urte luzez egindako borrokaldiak emaitzak izan ditu; denon artean Gipuzkoa garbiago, osasuntsuago eta iraunkorrago baten oinarriak ipini ditugu. Gipuzkoarrok ondo ari gara. 

Norabide ona da baina lana ez da amaitu. Gipuzkoak hondakinen kudeaketa integrala osatu behar du, Zero Zabor lurralde bihurtu behar du. Azpiegiturak eraikitzen diren neurrian zabortegiak itxiko dira, eta hori guztion artean lortu behar dugu: herritar, alderdi eta instituzioen artean.

Adostasun horretatik abiatuta, Gipuzkoa eredugarri izango da; Europako herri aurreratuenen pare izango da eta hori gure esku dago, denon esku. 

Garai zail honetan etsipenak ez du tokirik. Errauste plantarik ez da eraikiko Gipuzkoan. Foru gobernu hau fiskalitatean gehien duenak ekarpen handiagoak egin ditzan bidea jartzen ari gara. Lan publikoetan klausula sozialak txertatzen ari da langileen baldintzak zaintzeko. Euskara tokia irabazten ari da. Espainiako Gobernuak ezarri nahi dituen murrizketei izkin egiten ari zaie. Eskualde mailako sinergiak martxan dira krisi latz honi aurre egiteko. Aurrekontuaren erdia politika sozialetan inbertitzen ari da. Beste Gipuzkoa bat posible da, egiten ari gara dagoeneko. Gipuzkoa berria eraikitzen ari gara, poliki, baina sendo. Denon artean.

Pertsonak, langileak... ardatz dituen herrigintza sustatzeko konpromisoa berretsi nahi du gaur Foru Gobernu honek. Gipuzkoak eta gipuzkoarrok merezi dugulako".