Usurbil Zero Zabor: "Zorionak eta besarkada handi bat guztioi"

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 20a, 00:00

Zorion mezu hau helarazi nahi diete UZZ-tik, urte luzez mobilizatu, erabaki ausartak hartu edota etxean hondakinekin ondo jokatu duten herritar, eragile eta erakunde guztiei. Zubietako errauste planta proiektua betiko bertan behera geratu izanaren harira, eskertza testua helarazi dute NOAUA!ra. Usurbilen atez ateko bilketa martxan jarri zenetik, "sekulakoak eta bi entzun behar izan genituela" gogoratzen dute. Urte batzuk eta gero ordea, bilketa sistema honekin, "beste errealitate bat posible dela" irakatsi dugu, UZZ-koen esanetan.

Azaroaren 13ko akordioaren inguruan, erraustegia geratu duten arren, oraindik zer egina badela ohartarazten dute; zabortegi toxikoak ixtea adibidez. "Gure ahalmenean sinetsi, eta, Gipuzkoa, Zero Zabor lurraldea izan dadin eragiten segi behar dugu", UZZ-tik diotenez. 

Honatx, Usurbil Zero Zaborrek NOAUA!ra igorri duen testua, bere osotasunean:


ZORIONAK, ETA BESARKADA HANDI BAT GUZTIOI
Azken urteotan, oso gertutik bizi izan dugu usurbildarrok erraustegia ezarriko zigutenaren beldurra. "Erraustegirik ez!" lelotik ekin, eta ez dela behar esan ahal izateko ibilbideari ekin genion Usurbilen. Zorionekoak gara, Zubietan egin asmo zen erraustegiaren proiektua bertan behera gelditu delako. Bide honetan, asko eta asko izan dira bere ahalegina jarri duten herritar, erakunde eta instituzioak. Mobilizazioetan parte-hartuz, hondakinen kudeaketa arrazional baten alde bozkatuz, etxean hondakinekin ondo jokatuz, udaletxean apustu berriak eginaz, erabaki ausartak hartuz... Hauek aipatzerakoan, hainbat eta hainbat herritarren aurpegiak bururatzen zaizkigu. Urte luzetako lan eta konpromisoaren emaitza izan da hau. Bene benetan, guztioi mila esker eta zorionak.

Hondakinak gaika ondo bereiztu eta Atez Ateko bilketari ekin genion Usurbilen, sekulakoak eta bi entzun behar izan genituen, presio mediatiko latza jasan, zikinak, gezurtiak, tranpatiak, kaleak arratoiez genituela, diru-publikoa xahutzen dugula... burura etorritako mespretxu piloa entzun behar izan dugu, baina, lau urte pasa eta gero, jada Gipuzkoan 100.000 biztanle baino gehiagoren hondakinak, gaika, atez ate biltzen dituzte hainbat herritan. Eta horretan ere, guk usurbildarrok, indar aletxoak jarri izanaren harrotasuna eduki behar dugu. Atez ateko bilketa eginaz irakatsi dugu, sinesgarri egin dugu, beste errealitate bat posible dela, eta orain, horretara doaz Gipuzkoako herri asko.

Gure ahalmenean sinetsi, eta, Gipuzkoa, Zero Zabor lurraldea izan dadin eragiten segi behar dugu. "Ez hemen, ez inon" erraustegiei buruz dioguna, berdin berdin, helburu jarri behar dugu zabortegi toxikoei buruz. Sortzen ditugun hondakinak ez nahastea eta bereiztuta biltzea oso ondo egiten ari gara. Hurrengo erronka, ahalik eta gutxien sortzea da. Zero Zabor norabidean denok egin ditzakegu gure esku dauden ekarpenak: erosketak egiterakoan hondakin gutxien eragiten dituzten produktuak erosiz, hondakin organikoak autokonpostatzeko konpromisoak hartuz, beharrezkoak ez diren bilduki piloa hondakin bihurtzeko merkaturatzen dituzten enpresei dagokien ardurakizunezko lege eta arauak ezartzeko eskatuz... Ea aurki, Gipuzkoan zabortegi toxikorik ez daukagula esateko zoria ere badaukagun.

                                                                                                              Usurbil Zero Zabor