Etxean da Ramon Uribe

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 21a, 00:00

Bart heldu da Usurbila, Salamancako Topas espetxe atarira joandako senide, lagun eta herritarrekin batera. 19 urte eta gero itzuli da Usurbila, edo hobeto esanda, 18 urte gehi bat igaro ostean. Berez, espetxe zigor osoa beteta iazko abenduaren 3an aske behar baitzuen kalezartarrak. Baina azken unean, 197/2006 doktrina aplikatu zioten, 2024. urtera arte luzatu zioten espetxealdia. Eta honenbestez, 2012ko abenduaren 3a heldu zen, egun hura igaro baita, eta Uribek preso jarraitu du beste hamaika hilabetez, Salamancako Topasen.

Ines del Rio kasuaren harira, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esango zuena giltzarri izan ziteken. Eta hala izan da. Estrasburgo 2012ko uztailean jada, "Parot" izenez ezagutzera eman den doktrinaren aurka agertu zen. Erabaki horren aurrean ordea, espainiar estatuak alegazioa aurkeztu zuen. Ordutik, eta espainiar estatuak alegazioa aurkeztu ostean, Estrasburgok irmoa eta behin betikoa den epaia kaleratu zuen urriaren 21ean. Berriz ere, 197/2006 doktrinaren aurka agertu eta Ines del Rio berehala aske uztea eskatzen zuen. Doktrina bera, indargabetuta utzi zuen aipatu auzitegiak, eta ondorioz, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiak egoera zeharo aldatu zuen.

Espainiar estatuko auzitegietako epaileek hainbat bilkura egin dituzte ordutik, Parot doktrinaren eraginpean kalean behar zuten arren, preso jarraitzen zutenen egoerak aztertzeko. Kasuak banaka aztertzen aritu dira. Eta astez aste, hainbat euskal preso aske uzten joan dira. Azkenak, atzo bertan; Jose Etxeberria, Maitane Sagastume, Juan Jose Zubieta, Xabier Goldaraz, Juanjo Legorburu, Jokin Urain, Manuel Gonzalez, Juan Carlos Arruti eta Jesus Mari Zabarte. Eta haiekin batera, Ramon Uribe kalezartarra.

Une hunkigarriak, espetxetik irtetean
Hasiera batean asteartean aske geratu zitekeela zabaldu zen arren, azkenean, atzo goizean aztertu zuten kalezartarraren egoera. Eta ordu batzuk beranduago, arratsaldeko 17:00ak aldera irten zen Topas espetxetik. Kartzela atarian, Usurbildik bezperan eta asteazken goizean bertan abiatu zen senide, lagun eta herritar taldea zuen zain. Une hunkigarriak bizi izan ziren. Topasera joandakoekin egin zuen Ramonek, sorterrirako itzulera. 

Bi hamarkada igaro ostean, Uribek etxean egin du lehen gaua. Ostegun hau, biharamun eguna dugu. Gaur justu hilabete Estrasburgok Parot Doktrinaren aurkako epaia kaleratu zuenetik. 33 dira gaurkoz, lau asteren buruan aske geratu diren euskal presoak. Baina gehiago dira oraindik doktrina honen eraginpean preso jarraitzen dutenak.