Azaroaren 1ean Aitzaga Elkarteak antolaturiko Artisautza Azokan egin bezala, Erle Lagunak taldekoek iganderako deitu duten Erle Egunean, LIBRE gunea egongo da frontoi inguruan, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara, www.usurbileginez.com web orritik berri eman dutenez. Gogoan izan, urriaren 17an Espainiako Auzitegi Nazionalean, "Herriko tabernak" izenez ezagutzera eman den 35/02 sumarioari loturiko epaiketa abiatu zela. 110 herriko elkarte edo taberna, eta 40 lagun auziperatuak dituzte. Tartean, Usurbilgo Aitzaga Elkartea. Eta gero, gazte mugimenduen aurkako auzia ere hor dago. Epaiketon bueltan herrian sortu den LIBRE mugimenduak zenbait ekimen bideratu ditu. Tartean, azaroaren 1eko Artisautza Azokan, Aitzaga atarian, hainbat herritar eta eragileek txandakako elkarretaratzeetan parte hartu zuten. Mahai bat ere jarri zuten, sinadurak biltzeko.
Ekarpen ekonomikoak egiteko aukera, epaiketa gastuei aurre egiteko
Igandeko Erle Egunean ere LIBRE gunea finkatuko dute frontoi inguruan, eta modu honetan, Aitzaga Elkarteari babesa adierazteko aukera egongo da. Epaiketa eragiten ari den gastu ekonomiko handiari aurre egiteko, ekarpen ekonomikoa ere egin daiteke. Maiz, auziperatuek joan etorriak egin behar dituzte eta, abokatuak ordaindu... Madrilen abian diren epaiketetan, 1,7 milioi euro jarri dira jada fidantza moduan. Bi auzietako aurrekontuak milioi bat eurokoak direla kalkulatzen dute. Epaiketa luzatuz gero, 150.000 euro gehiago, hilabete bakoitzeko. Eta hori gutxi ez eta, 110 kultur elkarte desjabetzeko arriskuan daude. Elkarteotako ordezkariek epaiketa osoa Madrilen pasa behar badute, horrek suposatzen duen koste personalekin batera, 2 milioi euroko gastua eragingo luke. Dirutza beraz.
Horregatik, ekarpen ekonomikoak egiteko kontu korronte zenbaki bat zabaldu dute. "Guztion laguntza ezinbestekoa da!" gogorarazten dute. Kontuko zenbakia, hemen: 3035 0083 24 0830120459.