Iragarritakoa baino giro bareagoa izan eta aurreikusitakoa baino prezipitazio gutxiago izango dugula dioten arren, datozen 24 orduotan metro karratuko 60 litro baino gehiago pilatu daitezkeelakoan, alerta laranja indarrean da. Eta hala jarraituko dugu, alerta laranjan, ostiral goizaldeko 6:00ak arte. Datozen orduotan, "prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra, Kantauri isurialdean oso ugaria. Egunaren bigarren partean trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea handia da", diote Euskalmet-etik. Zenbait lekutan, ordubetean 15 litro metro karratutik gora pilatu daitezke.
Iragarpenon arabera, arratsalde eta gau partean botako du gehien. Adi beraz errepidera atera behar baduzue, edota baita errio ertzean ere. Uholde arriskuagatik Eusko Jaurlaritzak Larrialdi Plana abian du aurrelarrialdi fasean, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Momentuz Bizkaian daude arazo larrienak. Inguruotan, ur askorekin baina bere bidetik dator Oria ibaia. Ordu zailenak arratsalde iluntze partean bizi daitezke Euskal Herriko ipar parte honetako ibai ertzetan. Arratsaldeko 17:38an izango da eta, hurrengo itsasgora.
Adituen arabera, igandera arte behintzat euripean jarraituko dugu. Hona hemen, datozen ordu eta egunotarako iragarpena:
AZAROAK 21, OSTEGUNA
Ostegun honetan zerua estalia egongo da egun osoan eta euria ugaria eta etengabekoa izango da. Zaparradak lurralde osoan espero dira, iparraldean handienak; han euri litro oso ugari pilatuko dira eta arratsaldetik aurrera ekaitzak ere jo dezake, txingorrarekin batera. Haizeak ere indarra hartuko du, kosta partean batez ere, eta giro ezatsegina sortuko du horrek. Tenperaturak gora egingo du apur bat eta elur-kota igoko da, 800-1000 metrora.
AZAROAK 22, OSTIRALA
Ostiralean ere euria barra-barra egingo du eta tenperaturak beheranzko bidea hartuko du berriro. Prezipitazioa egunaren lehenengo partean egingo du ugariago; arratsaldetik aurrera zaparradak botako ditu, baina aterruneekin. Tenperatura maximoak, 5-10 ºC artean. Elur-kota jaitsiko da eta 600-800 metro inguruan egongo da. Haizeak iparraldetik jotzen segituko du, baina ostegunean baino indar txikiagoz.
AZAROAK 23, LARUNBATA
Larunbatean zaparradak botako ditu oraindik. Zeruan hodeiak gailenduko dira beste behingoz eta egun osoan egingo du euria, isurialde atlantikoan gehiena. Tenperatura ez da apenas aldatuko; baliteke gora egitea apur bat eta elur-kota ere gorago kokatuko da, 700-900 metrora. Iparraldeko haizea ibiliko da.
Eguraldiari buruzko informazio eguneratua, helbide honetan: http://www.euskalmet.euskadi.net