Datorren astelehena, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango dugu. Honen harira, gaur hasi eta datozen lau egunotarako ekitaldiak antolatu ditu Usurbilgo Parekidetasun Kontseiluak, baita Usurbilgo Ernai gazte erakundeak ere. Lehen hitzordua ostiral honetarako dago finkatua. Sexismoaren aurkako mahai-ingurua antolatu du Ernaik, 22:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean.
Larunbat goiz eta eguerdi parterako ere bestelako ekimenik deitu da; mendi martxa Bordatxora, eta hamaiketako eder askoa dastatu ostean, indarkeria sexistaren aurkako ekitaldi artistikoa egingo da frontoian zenbait herri eragileren eskutik. Modu honetan, betiko aldarrikapen formatuetatik aldendu eta halako gaietan ere positibotik aldarrikatu litekeela uste baitu Parekidetasun Kontseiluak. Hori larunbatean.
Ixabel Agirresaroberen saioa Sutegin
Iganderako beste bi hitzordu antolatu dira: Ernaik deituta elkarretaratzea 12:30etan, frontoian ospatuko den Erle Egunean. Eta arratsaldean, Ixabel Agirresarobek emakumezko zenbait egileren testuak eta herri ipuin batzuk baliatuta, bakarrizketa saioa eskainiko du, 18:30etatik aurrera Sutegin. Eta amaitzeko, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, mural pintaketa egingo dute 17:00etatik aurrera frontoian.
Ekitaldi ugari beraz gaurtik aurrera. Hartu agenda, eta apuntatu hitzorduok:
Azaroak 22, ostirala
22:00 Indarkeria sexistari buruzko mahai ingurua Usurbilgo Gaztetxean.
Azaroak 23, larunbata
9:00 Indarkeria sexistaren aurkako mendi-martxa Bordatxo mendira frontoitik abiatuta, Andatza Mendizaleen Kirol Taldearekin.
12:00 Hamaiketakoa Dema plazan.
12:30 Hainbat herritarren eskutik, ekimen artistikoa Dema plazan: bertsoak, dantzak, abestiak, antzerkia.
Azaroak 24, igandea
12:30 Elkarretaratzea frontoian.
18:30 Ixabel Agirresaroberen “Emakume protagonistak” helduentzako bakarrizketa saioa, Sutegiko auditorioan. Toti Martinez de Lezearen “Urak dakarrena”, Errose Bustintzaren “Mañariko”, R.M. Azkueren kontakizunekin eta beste herri ipuin batzuekin osatutako saio gazi-gozo entretenigarria eskainiko du.
Sarrera: doan.
Azaroak 25, astelehena
17:00 Emakumeenganako indarkeriaren aurkako mural pintaketa herritarra, frontoiaren atzealdean.