Alerta laranja indargabetu dute

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 22a, 00:00

Arazo larririk eragin gabe, etorri bezala joan da udazken eta negu parte honetako lehen denboralea. Alerta laranjan egon gara azken 24 orduotan, baina aipatu moduan, kalte handirik eragin gabe pasa da ekaitza. Eguzki izpi askorik halere ez dugu ikusiko ez datozen orduotan, ezta asteburu osoan ere. Hemen astebururako Euskalmet-en eguraldi iragarpena:

AZAROAK 22, OSTIRALA
Ostiral honetan zaparradak botako ditu noizbehinka eta tenperaturak behera egingo du apur bat. Termometroa 5 eta 10 ºC artean geratuko da eta elur-kota 600-800 metro inguruan egongo da. Prezipitazioa egingo du berriro, baina ez etengabe; zaparradak noizbehinkakoak izango dira, hori bai, tarteka indartsuak eta txingorrarekin batera. Hodeiak urriagoak; saretuz joango da zerua, momentuz giro goibela gailenduko den arren. Iparraldeko haizea ibiliko da.

AZAROAK 23, LARUNBATA
Larunbatean ere giroa ilun samarra izango da. Hodeiak ugariak izango dira, iparraldeko haizea ibiliko da eta euria egingo du, isurialde atlantikoaren mendebaldean batez ere; han izango da eguraldia ezatseginagoa. Baliteke tenperatura apur bat igotzea, baina hotz egiten jarraituko du eta elur-kota 800-900 metro inguruan geratuko da.

AZAROAK 24, IGANDEA
Igandean iparraldeko hainbat tokitan giro euritsu eta goibelarekin jarraituko dugu. Hegoaldean ere hodeiak ugariak izango dira, baina han ez du apenas euririk egingo. Ipar/ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da. Tenperatura, berdintsu; elur-kota, beraz, 800-1000 metro artean egongo da.