Parekidetasun Kontseilutik iragarria zuten; ohiko formatuetatik aldendu eta positibotik ere indarkeria sexistaren aurkako aldarrikapenak bidera zitezkeela. Esan eta izan. Eguerdian frontoian, zenbait herri eragileetako kideek, elkarlanean burutu duten ekimen artistikoa dugu horren lekuko. Kantu eta Dantza Taldeen saioak, herriko gazteez osaturiko musika taldearen emanaldia edota Ugaitz Agirrek sorturiko poemen irakurketa izan dira. Ekitaldia, asteleheneko Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira burutu da. Azaroaren 25a, dantzarien arropen kolore morean, edota musika taldearen emanaldiko abestietan islatu da, baita Agirreren poemetan ere. Eta herri eragile talde batek, Parekidetasun Kontseiluarekin batera antolatu duten eguerdiko ekimen artistikoak, bertaraturikoen txalo beroak jaso ditu.
Indarkeria sexistaren aurkako ekimenak atzo hasi ziren. Bart, Gaztetxean gai honi lotutako mahai inguruarekin. Goizean berriz, herritar talde batek Bordatxora mendi martxa egin du. Ekitaldi gehiago, bihar. Iganderako beste bi hitzordu antolatu dira: Ernaik deituta elkarretaratzea 12:30etan, frontoian ospatuko den Erle Egunean. Eta arratsaldean, Ixabel Agirresarobek emakumezko zenbait egileren testuak eta herri ipuin batzuk baliatuta, bakarrizketa saioa eskainiko du, 18:30etatik aurrera Sutegin. Eta amaitzeko, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, mural pintaketa egingo dute 17:00etatik aurrera frontoian.
Azaroak 24, igandea
12:30 Elkarretaratzea frontoian.
18:30 Ixabel Agirresaroberen “Emakume protagonistak” helduentzako bakarrizketa saioa, Sutegiko auditorioan. Toti Martinez de Lezearen “Urak dakarrena”, Errose Bustintzaren “Mañariko”, R.M. Azkueren kontakizunekin eta beste herri ipuin batzuekin osatutako saio gazi-gozo entretenigarria eskainiko du.
Sarrera: doan.
Azaroak 25, astelehena
17:00 Emakumeenganako indarkeriaren aurkako mural pintaketa herritarra, frontoiaren atzealdean.