Giro makurra aurtengo Erle Egunean. Hotza, euria eta hezetasuna. Baina hala ere, jendea erruz batu da frontoi inguruan. Ezti ekoizleentzat urteko egun garrantzitsuenetakoa da Usurbilgo Erle Eguna. Horregatik, jatorri ezberdineko ezti-egileak batu dira beste behin ere. Epaimahaiak lanak izan ditu ezti onenak aukeratzen eta eguerdiko 13:30ean eman dituzte sarituen izenak ezagutzera. Aurtengoa kalitate handikoa izan dela aitortu dute eztia dastatzen aritu diren epaimahaikideek.
Sarituak
Elizatik jaitsi den panpinezko erle batek ekarri ditu irabazleentzako txapelak. Hiru lehiaketa egin dira aurten.
Ezti argian, Joan Mari Arabaolaza oiartzuarra izan da nagusi. Olga Sanchez errezildarra, bigarren.
Mila loreko ezti lehiaketan, Imanol Aizkorreta oreretarra gailendu da eta Markos Pagola hernaniarra izan da bigarren.
Ezti ilunekoen artean, Markos Pagola izan da garaile (mila lorekoan bigarren izan den berbera) eta bigarren Ramon Yeregi.
Argazkian dira saritu denak.
Gozogintzan ere, sariak banatu dira
Eztiarekin egindako postre onenak ere saritu ohi dira Erle Egunean. Aurten, Eider Jauregi eta Kattalin izan dira lehen saria eskuratu dutenak. Bigarren saria Inazio Egañarentzat izan da.