Usurbilgo Ernai: "Indarkeria sexistak baditu milaka aurpegi"

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 25a, 00:00

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna gaur. Ostiralaz geroztik zenbait ekimen burutu dira herrian, indarkeria sexistaren aurka. Parekidetasun Kontseilutik bideratu dituzte, larunbatean Bordatxora egin zen mendi martxa edota eguerdi partean, zenbait herri eragileren eskutik frontoian ospatu zen ekimen artistikoa. Bakarrizketa saioa, eskaini zuen atzo Ixabel Agirresarobek.

Eta lehenago, ostiral gauean Gaztetxean mahai inguru bat antolatu ostean, elkarretaratzea deitu zuen Usurbilgo Ernaik, atzoko Erle Egunean. Ekimen honen eta azaroaren 25 honen harira, indarkeria sexistak milaka aurpegia dituela salatzen duen honako idatzia helarazi dute Ernaitik NOAUA!ra:

EMAKUMEONGANAKO INDARKERIAK BADITU MILAKA AURPEGI
Itsua definizioz ikusten ez duena da, baina bada itsu okerragorik ikusi nahi ez duena esaterako edota ikusita ere ez-ikusiarena egiten duena. Txiki txikitatik normaltzat jotzen ditugu hainbat egoera, adibidez, betidanik dakigu gure amona dela sukaldaririk onena eta amak baino hobeto inork ez gaituela zainduko. Beharbada, ez gara inoiz pentsatzen jarri honen inguruan. Hala da, betidanik eta kito?

Indarkeria sexistak baditu milaka aurpegi, mila ahots, mila adierazteko forma eta esparru. Emakumeon aurkako indarkeria bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara. Honengatik, bikote harremanen barruko indarkeria kasuak erdigunean jartzeak, emakumeon aurkako beste indarkeria adierazpen batzuk itzalean uztea dakartza.

Presaka bizi gara bai, baina egunerokotasuna hausnartzeko tartetxo bat hartu beharra daukagu, hainbat jarrera aldatu behar ditugu. Izan ere, hainbat eraso ez ditugu ikusten; naturalki eta isilpean jasaten ditugu. Bada garaia sistemari hortzak erakusteko eta esateko ez garela bere tranpan eroriko. Ez dugula emakumeon aurkako indarkeria gehiago onartuko! Emakume izateagatik ez ditugu gure gain hartuko zaintza eta etxeko lanak, ez gara bigarren mailako pertsonak, gure eskulanak beste edozeinenak adina balio du, maitatzea ez da norbaiten objektu izatea, errespetatuak izan behar gara uneoro eta etxerako bidean ez dugu beldurrik izan behar ilun badago ere… Zuk ere hau guztia alda dezakezu, guztiok batera aldatuko dugu!

EMAKUMEONGANAKO INDARKERIAREN AURKA… BATERA EGINGO DUGU!