Azaroak 26, hilabeteko azken asteartea, osoko ohiko bilkura eguna gaur. Aztergaien artean, hiru mozio izango dituzte udal ordezkariek, 18:00etan hasiko den saioan. Lehenengoa, atzoko egunari, azaroaren 25ari loturiko testua. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, testu bat irakurri eta bozkatuko du udalbatzak.
Nazioarteko beste egun baten harira, gaur zortzi, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunari lotuta ere, adierazpen bat aurkeztekoak dira udal ordezkariak, "Arnas guneak hedatuz, etorkizuna landu" izenburupean. Erakunde adierazpena izango da honakoa, udal talde guztien adostasunarekin aurkeztuko baita astearte honetako osoko ohiko bilkuran. Hau da, EH Bildu, PSE-EE, Hamaikabat eta EAJ-PNVren izenean eramango dute testu hau udalbatza aretora.
Bada hirugarren mozio bat ere astearte honetako osoko ohiko bilkurako gai zerrendan. Musika eskolen finantziazioaren inguruan aurkezturiko testua hain zuzen. Mozio hauen irakurketa eta bozketa, gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera udalbatza aretoan.