Dantza eta afari goxo batekin tartekatuko ditu Usurbilgo Kantu Taldeak azaroaren 30erako eta abenduaren 3rako antolatu dituen bi hitzorduak. Hasteko, hileroko kantu-jira ospatuko da larunbatean. Oraingoan ordea, dantza batean abiatuko da azaroaren 30eko ekitaldia, 19:00etan Mikel Laboa plazatik. “Hilabete bada jada Usurbilgo talde sendo bat euskal dantzak ikasten ari dela Udarregi Ikastolan. Ikasi dutena plazaratzeko asmoa daukate. Horregatik, Kantu Taldeak eta Dantza Taldeak elkarlanean antolatu dute ekimena: kantua eta dantza txandatuz”, adierazi dute antolatzaileek. Kanturako eta dantzarako gonbita egina dago beraz, larunbat honi begira.
Kantu Taldekoak kalera irtengo dira, Euskararen Eguna ospatzera
Abenduaren 3ko Euskararen Eguna, asteartez egokitu da aurten. Asteartetan entseatzeko bildu ohi dira Kantu Taldekoak Udarregi Ikastolako musika gelan. Datorren asteartean ordea kalera irtengo dira, Euskaren Eguna ospatzera. Kantu-jira labur bat egitekoak dira herrian zehar, iluntzeko 19:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuta. Eta ondoren, Txapeldun tabernan lagun arteko kantu afari goxo bat antolatu dute. Afaritarako txartelak salgai egongo dira 15 eurotan, abenduaren 2ra arte, Txapeldun tabernan bertan. Afaritarako menua, ezin erakargarriagoa: iberikoaren platera, frijitu nahasiak, gazta-menbriloa eta kafea.