Erraustegia bertan behera utzi zuen akordioa berretsi du GHK-k

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 26a, 00:00

UTE Gipuzkoa CGR enpresa taldearekin azaroaren 13an adosturiko akordio historikoa berretsi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Asanblada Nagusiak. Ez hori bakarrik, honez gain, GHK-k irailaren 2an hasitako ofiziozko errebisioa ere bertan behera uztea erabaki dute. Irregulartasunak aurkitu zirelako ekin zioten errebisioari, eta "honen ondorioz, nulitate prozesua abian jartzea erabaki zen". 

Gero, GHK-k eta UTE Gipuzkoa CGR enpresa taldeak aurre akordio bat sinatu zuten urriaren 3an. Akordio batera heltzeko bi hilabeteko tartea hartu zuten bi aldeek. Errauste planta eraiki asmo zuen enpresa taldeak Gipuzkoako Bazkundearen arbitrajea bertan behera utzi, eta akordioa iritsi bitartean, GHK-k ofiziozko errebisioarekin aurrera jarraitzea adostu zuten. 

Errebisatu beharreko kontratua, etenda jada
Errauste planta proiektua behin betiko bertan behera utzi duen akordio historikoa, azaroaren 13an heldu zen. Gogoan izan, enpresa taldeari GHK-k 8.190.000 euroko kalte ordaina ematea adostu zuten, beste 2.810.000 euro ordaintzea ordura arte eginiko lanengatik, erraustegiaren kontratua bertan behera uztearen truke.

Kontratu etete hori da GHK-k, atzoko Asanblada Nagusian berretsi zuen erabakia. Akordioa adostu bitartean indarrean egon den ofiziozko errebisioa ere bertan behera uztea berretsi zuen."Bi aldeen arteko harremana moztea erabaki da eta honek zentzua kentzen dio nulitate prozesuari, errebisatu behar zen kontratua dagoeneko ez baitago indarrean", dio atzoko asanbladaren harira GHK-k kaleratu duen prentsa oharrak.

GHK-k harridura azaldu du, EAJ-PNV, PP eta PSE-EE alderdiek erakutsitako jarrerarekin. "Lehen errebisioaren kontra azaldu zirenak, gaur ofiziozko errebisioa bertan behera uztearen kontra azaldu dira", diote GHK-tik. 

Erraustegiari buruzko hitzaldia, abenduaren 5ean
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak antolatuta, abenduaren 5ean, 19:00etan Sutegin. “Erraustegia: kedarretatik argira” izeneko saioan, “Bukatu da jolasa” izeneko ikus-entzunezko lan bat ezagutzeko aukera egongo da, hitzaldia eskainiko du gero GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak. Eta amaitzeko, bertaratzen direnek hitza hartu ahal izango dute.