Azaroaren 28an, ostegun arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. Udal aurrekontuak aurkezteaz gain, ekarpenak egiteko aukera egongo da etzi. "Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekarpenak egitera", luzatu dute gonbita Usurbilgo Udaletik.
Aurreko astekarian, EH Bilduko zinegotzi Alaitz Aizpuruak NOAUA!ri aurreratu zizkion 2014rako udal aurrekontu proposamenaren inguruko zenbait datu. Batetik, %8,8 igoko dela iazko aurrekontu errealarekin alderatuta, aurtengo proposamena. Guztira, 10.320.000 euroko udal aurrekontuez ari gara.
Bidean ezusteko edo atzerapenik ez bada, udal aurrekontuak datorren otsailerako behin betirako onartuak egongo dira. Hona hemen, ordura arte, udal aurrekontuen gaiak jarraituko duen prozedura:
-Herritar eta eragileen ekarpenak jasotzeko epea asteotan.
-Behin behineko onarpena: abenduko ezohiko osoko bilkura batean.
-Alegazio epea gero.
-Behin betiko onarpena: 2014ko otsailaren erdialdean.