Marimendien ibilerekin, Mendi Astearen hasiera 19:30etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 27a, 00:00

Mendizaleen astea heldu da. Gaur abiatuko da Andatza MKT-ko kideek aurtengorako prestatu duten ekitaldi sorta. Larunbatera arte, hiru proiekzio eskainiko dituzte egunero 19:30etan hasita Sutegin. Eta larunbatean, Usurbilgo mugarrietatik barrena irteera antolatu dute, eta gero, bazkaria Patri jatetxean.

Asteazken honetako ekitaldira itzuliz, gaur 19:30etatik aurrera, "2010 Marimendiak Andeetan" izeneko ikus-entzunezko lanaz gozatu ahal izango da Sutegiko auditorioan. Uxue Berridiren eskutik, Andeetara hegan egingo dugu; Ishinca (5.550 m), Urus (5.470 m) eta Pisco (5.752 m) gailurrak zapaldu zituzten 2010ean. Hiru gailurrok egitera joandako emakumeon ibileren berri izango dugu, Mendi Asteari ekiteko.

Baina nortzuk dira Marimenditarrak? Hona hemen, euren web orrian (www.marimendi.org), aurki daiteeken aldarria:

MARIMENDITARREN ALDARRIA

Emakumeak gara marimenditarrak. Berrogei urte beteak ditugu. Euskaldunak gara bihotzez eta mintzoz.

Kirola maite dugu, bereziki mendia, mendi zaleak gara hartara, eta gure atseginerako eta gu bezalako askorentzako akuilu gisa jardun nahi dugu.

Emakumea eta mendia hurbildu nahi ditugu, eta erakutsi ez dagoela mugarik  norberaren garapen pertsonalean, norberak bere buruari jartzen dizkionetatik at.

Ezta aisia gozatzeko unean ere.

Gizonen eta emakumeen artean rolak banatzeko modu historikoak eragin du gizartearen hainbat arlotan aukera gutxiago izatea emakumeek, eta bizirik dirau arazoak gaur egun ere.

Emakumeen parte-hartzea zailtzen duten diskriminazioen  —zuzenak nahiz zeharkakoak— berri ematen digute gizarte arloan eta baliabideen eskurapenean oraindik orain iraun egiten duten desorekek.

Emakumeentzako aukera gutxiago dago erabaki politikoak, finantzarioak, kulturalak, sozialak eta beste hainbat erabaki hartzeko orduan. Denek dakigun zerbait da hori.

Emakumea goi mendira hurbiltzeko eta berdintasunezko mezua zabaltzeko aukera baten bila gatoz berriz ere. 

Elbrusera igota gauzatu nahi dugu aldarri hori .

Mendia lagun, denen arteko erantzukizuna bultzatu dezakegu, bereizketa guztiekin amaitzeko, gizarte osoan genero berdintasuneko kultura benetan gara dadin. 


Federatu txartelak berritzeko aukera
Egunotan Sutegin burutuko diren Mendi Asteko ekitaldien aurretik, kultur etxean bertan Andatzakoak mahai bat jartzekoak dira. Bertan, 2014rako federatu txartelak berritzeko aukera egongo da. Bestela, sartu Andatzakoen web gunean (www.andatzamendizale.info) eta federatu txartelak berritzeko bete beharreko orriak eskuratu ahal izango dituzue. Honez gain, larunbateko irteeran izena emateko aukera egongo da, Sutegiko mahaian.

Mendi Asteko egitarau osoa, hemen:

EGITARAUA
Azaroak 27, asteazkena
19:30
 Hitzaldia eta ikus-entzunezkoa Sutegin: “2010 Marimendiak Andeetan” Uxue Berridiren eskutik.

Azaroak 28, osteguna
19:30
 Ikus-entzunezkoa Sutegin: Alex Txikonek Karakorumen egindako ibilaldiak eta hainbat jauzi ikusteko aukera.

Azaroak 29, ostirala
19:30
 2013an Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak antolatutako mendi irteeren bideo eta argazki emanaldia.

Azaroak 30, larunbata
8:00
 Mendi ibilaldia mugarrietara.
Ondoren, bazkaria Patri jatetxean.

Oharra:
-Sutegin burutuko diren ekitaldien aurretik, 2014ko federatu txartelak berritu edota asteburuko ibilaldirako izena eman ahalko da.

Informazio gehiago: andatzamendizale.info
Antolatzailea eta albisteko irudia: Andatza Mendizaleen Kirol Taldea.