Zumarte Musika Eskolak aurkeztu zuen atzo buruturiko osoko ohiko bilkuran aztertu eta bozkatu ziren hiru mozioetako bat; musika eskolen finantzaketari buruzkoa. Udalak Eusko Jaurlaritzari eskaera zuzen hau bidera dezan galdegiten dute Zumartetik; "Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, musika eskolentzat %33ko finantzaketa egonkorra lortzeko asmotan, Eusko Legebiltzarrak aho batez 2013ko otsailaren 28an onartutako transakzio-zuzenketa betetzea eta ekintza-plana ezartzea eskatzen dio".
Udalbatzak aho batez onartu zuen Zumartetik aurkeztu duten eskaera. Gai honen inguruko zehaztasun eta aurrekari guztiak, onartu berri den testuak jasotzen ditu;
EUSKAL HERRIKO MUSIKA ESKOLEN ELKARTEA
ERAKUNDE ADIERAZPENA, EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILARI, EUSKO LEGEBILTZARRAK AHO BATEZ 2013KO OTSAILAREN 28AN ONARTUTAKO TRANSAKZIO-ZUZENKETA BETETZEA ESKATUZ.
Musika Eskolak, heziketa sistematiko eta egonkor baten bidez, bai ume, gazte zein nagusien heziketarako, funtsezko osagarria edo hobekuntza eskaintzen dituzten hezkuntza-zentroak dira. Hauen helbururik nagusiena zaleen heziketa eta instrumentu eta ahots-taldeen sustapena da, nahi duten pertsona guztiak musika-praktikan has daitezen eta, sentikortasun eta adiera estetikoaren garapena arte-hezkuntzaren atala bezala.
Guztion hezkuntzan ezinbesteko lana betetzen dute, haien plan pedagogikoaren barruan adin, gaitasun eta musika-estilo guztietara egokitutako heziketa-eskaintzak egiten dituzte, eta, gure herriaren historia eta musika-ondarearen ezagutza eta zabalkuntzarako gune ere bihurtu dira. Eskolek gizarteaerekin duten konpromisoa aitortu behar dugu, baita gure udalerriek, horiek mantentzeko egiten duten lana ere, Musika Eskolen garapenean laguntzen baitute, etorkizunari begira hezkuntza eta kultura arloko proposamen bezala balioa emanez.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jasotzen duen bezala, Musika Eskolak Euskadiko arte-hezkuntzaren erreferentziarik garrantzitsuena izan dira eta dira, beren ohiko ezarpenagatik, ekintza honek gizarteari sortarazi duen erakargarritasunagatik eta, bereziki, toki-administrazioek (udalek) izan duten parte-hartzeagatik. Daukaten garrantzia sozialarekin (35.000 ikasle baino gehiago) eta udalen ahaleginekin bat etortzeko, Hezkuntza Sailak bere plangintza eta finantzaketan arreta eta baliabide bereziak eskaini dizkie.
Ildo honetan, 2006ko urriaren 11n, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura-batzordeak, aho batez legezkoa ez den proposamen bat onartu zuen. Bertan hurrengoa proposatzen zen:
“Bat. Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Unibertsitatea eta Ikerketa Sailari Euskal Autonomia Erkidegoan musika eskolei buruzko ikerketa orokorra martxan jartzeko, koordinatzeko eta, kasua bada, idazteko eskatzen dio.
Bi. Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, Europan eredu egokia bezala ezarrita dagoen %33ko finantzaketa bost urteko epean lortzeko asmotan, musika eskolen diru-laguntzetarako (hauen finantzaketan toki-administrazioak parte hartzen dute) aurrekontu-zuzkidura, mailaz-maila, urte anitzeko plan batean handiagotzea eskatzen dio.
Hiru. Nolanahi ere, Sail honek oraingo aurrekontuetan onartuta eta ekitaldiaren amaieran burutu barik egon litekeen gastuaren atala musika eskolei zuzentzen den kotu-saila handiagotzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu”.
Halaber, 2013ko otsailaren 28an, Legebiltzarrak aho batez hurrengo legezkoa ez den proposamena onartu zuen:
“Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eskatzen dio musika eskolentzat zehaztu gabeko epean %33ko finantzaketa egonkorra lortzeko ekintza-plana ezartzea, mailaz-maila erabilgarri diren baliabideen esparruan aurreratzeko, eta, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearekin, bere jardueraren hobekuntza eta eguneratzean lan egitea, musika-hezkuntzako arloaren sendotzea lortzeko asmotan”.
Azken urte hauetan, Sailaren aldetik musika eskolen finantzaketak ia 2.500.000 euroko jaitsiera garrantzitsua jasan du. Kasu gehienetan, toki-administrazioek bereganatu dute jaitsiera hau. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak emandako finantzaketa %14koa da soilik, hasieratik guztiok defendatutako europar eredutik oso urrun.
Horregatik guztiagatik, Zumarte Usurbilgo Musika Eskolak, Udal Batzarrari hurrengo erakunde-adierazpena aurkezten dio:
ERAKUNDE-ADIERAZPENA
Usurbilgo Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, musika eskolentzat %33ko finantzaketa egonkorra lortzeko asmotan, Eusko Legebiltzarrak aho batez 2013ko otsailaren 28an onartutako transakzio-zuzenketa betetzea eta ekintza-plana ezartzea eskatzen dio.