Indarkeria matxistaren aurka, konpromiso zehatzak hartu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 27a, 00:00

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, udalbatzak indarkeria mota honen aurkako mozioa onartu zuen aho batez, atzoko osoko ohiko bilkuran. Testu honen bidez, zenbait konpromiso hartzen ditu Usurbilgo Udalak; berdintasun-politikak garatzeko baliabideak gehitzen joatea, emakumeen ahalduntzea sustatzea, edota emakume gazteen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartzeko erakunde arteko lankidetza indartzea. 

Testuak jaso bezala, emakumeek "askotariko aurpegi eta adierazpenak" dituen indarkeria matxistatik aske bizi ahal izatea lortu nahi da. Horretarako, beharrezkotzat jotzen da, eragile politiko eta herritarren adostasun eta konpromisoetan sakontzea. Hala, gizonezkoen artean gogoeta sustatzea, errealitate anitzetara egokituko diren politika malguak bideratzea...

Hona hemen aho batez onarturiko mozioa, bere osotasunean:

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNERAKO ERAKUNDE ADIERAZPENA
Azaroaren 25a, “Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna” dela-eta, EH Bilduko kideok azpimarratu nahi dugu alor horretan behar-beharrezkoa dela politikari eta herritarren adostasunean eta konpromisoan sakontzea, eta hortik abiatuta, batera bizitzeko guneak sortzea, non emakumeek, azkenean, indarkeria matxistatik aske bizitzeko aukera izango duten. Gure ustez premiazkoa da helburu horrek lehentasunezko eta etengabeko tokia izatea bizitza kolektiboa antolatu eta kudeatzeko ardura duen edozein erakunde publikoren agenda politikoan.

Alabaina, indarkeria matxistak askotariko aurpegi eta adierazpenak dauzka, eta emakume guztiei eragiten die bizitza osoan zehar, gazteei, zaharrei, etorkinei, sexu-langileei, politikariei, bankariei edo superreko kutxazainei. Indarkeria matxista etxeetan nozitzen dute emakumeek, baina baita eremu publikoetan ere, mota eta intentsitate desberdineko hainbat portaera matxista eta bortitzen bitartez.

Ikuspegi horretatik begiratuta, eraso matxistak ez dira gizon gutxi batzuen jokabide soilak, emakumeen eta gizonen elkarrekiko bizitza antolatzeko eraikitako eredu baten parte baizik, emakumeen gorputza, afektuak eta lana gizonen zerbitzuan jartzean oinarritu dena. Eredu horrek berez legitimatzen du egoera hau, eta neurri handiagoan edo txikiagoan baimentzen du emakumeen aurkako indarkeria.

Aldi berean uste dugu indarkeria ez litzatekeela indarrean egongo indarkeria hori justifikatzen, legitimatzen eta ahalbidetzen duten gizarteratze-bitarteko jakin batzuk indarrean egongo ez balira. Ildo horretan, erlijioak, hizkerak, komunikabideek, familiak eta hezkuntzak zeresan handia dute indarkeria iraunarazten laguntzen duen gizarteratzean.

Ikuspegi horretatik, emakumeok indarkeria matxistatik aske bizitzeko bermean aurrera egiteko, gure lana eta gure estrategiak honako hauetan oinarritu  behar dira:

-Emakume eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunari heltzea, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako funtsezko ardatzetako bat baita.

-Indarkeria askotariko adierazpen eta toki ugarietara heltzea gure begirada. Ildo horretan, indarkeria matxistaren aurkako politikek malguak izan behar dute, testuingurura, indarkeria matxisten aniztasunera eta emakumeen aniztasunera egokitzeko modukoak.

-Emakumeen eta gizonek nola jardun behar duten arautzen duten arau sozialak urratzen dituzten taldeen aurkako bestelako indarkeria matxistak ikustaraztea, prebenitzea eta indarkeria horri erantzutea.

-Indarkeria matxistan duten protagonismoari buruz gogoeta egitera bultzatzea gizonezkoak: zer den erasoa eta zer ez den bereizteko zailtasunak dituztenean, erasoetan zuzenean parte hartzen dutenean, eta erasoak gaitzetsi arren, erasoen ikusle pasibo soilak direnean.

Horregatik guztiagatik, udal honek honako konpromiso hauek hartuko ditu:
1. Berdintasun-politikak garatzeko baliabideak urtetik urtera indartzea.

2. Parte-hartzean oinarritutako prozesuak abian jartzea edo bultzatzen jarraitzea.

3. Emakumeen ahalduntzea sustatzeko eremu komunak sortzea edo/eta baliabideekin indartzea: ahalduntzeko eskolak esaterako.

4.Beste udalerri batzuekin elkarlanean hastea edo parte hartzen jarraitzea sare-programen bitartez abian jarritako eremu kolektiboetan.

5. Emakume gazteen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartzeko erakunde arteko lan-prozesuak baliabide tekniko eta ekonomikoen sendotzea.

6. Lan kolektiboa abian jartzea edo/eta indartzen jarraitzea, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetzeko koordinazio-protokolo lokalarekin.