Udalbatza osatzen duten talde guztiek adosturiko mozioa aurkeztu zuten, atzoko osoko ohiko bilkuran. Eta noski, aho bateko onarpena eman zioten testuari, EH Bilduk, Hamaikabatek, PSE-EE eta EAJ-PNV udal taldeek.
Datorren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunari begira onarturiko adierazpen instituzionala da atzo arratsaldean udalbatzak onartu zuena. Lege babesa eta baliabideak eskatzen ditu Udalak, "hizkuntz politika ausart eta aurrerakoiak garatzeko". Baita udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dutela aitortzea edota euskararen aurkako erasoekin amaitzea ere. Euskararen alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du Udalak, "herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean".
Hona hemen, atzo udalbatzak aho batez onarturiko mozioak dioena, bere osotasunean:
ARNASGUNEAK HEDATUZ, ETORKIZUNA LANDU
Abenduaren 3a, euskararen eguna. Aurten ere, euskararen egunean izango da tarterik ospakizunetarako, hausnarketarako edo aldarrikapenerako. Eta, horretarako, ekitaldi ugari eta askotarikoak antolatuko dira Euskal Herriko luze-zabalean.
Lehenik eta behin, euskararen egunak ospatzeko egun bat izan behar duelakoan gaude. Izan ere, euskara maite dugunok badugu zer ospatu 2013ko abenduaren 3an. Euskara bizirik da, baditu hiztunak, eta etorkizuneko ateak zabalik ditu oraindik ere. Baldintzarik gogorrenetan ere, aurrera egin du euskarak, eta horrek etorkizunarekin baikor izateko arrazoiak ematen dizkigu.
Geroa euskaraz eraikitzeko, ordea, garrantzitsua da zertan ginen jabetu eta egun zein egoera daukagun ikustea. Eta, gaur egun daukagu egoerari erreparatzen badiogu, zonaldearen arabera, oso egoera soziolinguistiko ezberdin eta kontrajarriak dauzkagula ohartuko gara. Oraindik ere, arrotz dabil euskara bere herriko hainbat eremutan, aitortza ofizialik gabe eta lege babesik gabe. Aldiz, nagusi da gure herriko beste hainbat eremutan.
Horregatik, tokiko errealitatetik abiatutako aurrerapausoak bultzatu behar ditugu. Herriz herri euskararen arnasguneak hedatuz landu behar dugu etorkizuna. Gure udalerria euskararen arnasgunea da, zorionez; beraz, lehenik eta behin ezinbestekoa zaigu dagokigun aitortza ofiziala aldarrikatzea. Horrekin batera, gune hauen erabateko normalizaziorako beharrezko ditugun hizkuntza politika ausartak garatzeko baliabideak exijitzea dagokigu, legea bera ere beharren neurrira egokituz.
Udalerri euskaldunetan biztanleen %70ek baino gehiagok daki euskaraz, eta oro har, euskaraz bizi gara bertako herritarrok. Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Eta hizkuntza batek, biziko bada, nagusi izango den eremuak behar dituenez ezinbestean, udalerriok funtzio garrantzitsua dute euskararen geroan.
Horregatik, garrantzitsua da udalerri euskaldunetako administrazioak, batetik, gaiari beharrezkoa zaion garrantzia ematea; eta herritarrok, bestetik, euskararen geroan jada jokatzen dugun paperaz jabetu eta euskararen inguruan sensibilizatzea. Gure herriak erreferentziazkoak dira euskarari dagokionez, eta ondorioz, baita bertako herritarrak ere. Gune hauetan egiten diren hizkuntza politikak eta norbanakook egunerokoan ditugun hizkuntz ohiturek, jarrerek eta joerek eragin zuzena dute euskararengan.
Gure herritik abiatuta, herritar soilen inplikazioaz, elkarte eta eragileekin bat eginez eta instituzio publikoen laguntzaz pauso sendoak eman ditzakegu euskararen arnasguneak zabaltzeko. Usurbildik inguruko herrietara, Usurbildik Euskal Herrira.
Usurbilgo Udalak, 2013ko abenduaren 3an, euskararen egunean, honako adierazpen hau plazaratu nahi du:
-Usurbilen euskara nagusi denez, hizkuntz politika ausart eta aurrerakoiak garatzeko baldintzak daude. Udalerri euskaldunok lege babesa eta baliabideak behar ditugu aurrerapauso sendoak eman ahal izateko.
-Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Eta, beraz, ezinbestekoa da Usurbil bezalako udalerriek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua aitortzea.
-Gure herria euskarari dagokionez erreferentziazko udalerria dela jakinda, konpromisoa hartzen dugu Usurbilen garapen sozioekonomiko eta soziokulturalak zein bestelako proiektuek sor dezaketen eragin soziolinguistikoa kontuan hartzeko.
-Euskararen aurkako erasoekin amaitu behar da. Hainbat udalek onartutako hizkuntz irizpideen aurka jarritako helegiteek, esaterako, kalte narbamena egiten diote euskararen normalizazioari.
-Usurbilgo Udalak, herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean, euskararen aldeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.