2014rako udal aurrekontu proposamenaren aurkezpena, 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 28a, 00:00

Hurrengo urtean Udalak zenbat diru duen, eta dirua zer nolako egitasmoetara bideratu asmo duen jakin nahi duenak, hitzordua du gaur iluntzeko 19:00etan Potxoenean. 2014ko udal aurrekontu proposamena aurkeztuko du gobernu taldeak. Aurreko astekarian, EH Bilduko zinegotzi Alaitz Aizpuruak NOAUA!ri aurreratu zizkion 2014rako udal aurrekontu proposamenaren inguruko zenbait datu. Guztira, 10.320.000 euroko udal aurrekontuez ari gara. Iazko aurrekontu errealarekin alderatuta, %8,8 igoko da aurtengo proposamena. 

Udal aurrekontuak aurkezteaz gain, ekarpenak egiteko aukera egongo da Potxoeneako gaur iluntzeko saioan. "Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekarpenak egitera", luzatu dute gonbita Usurbilgo Udaletik.

Otsailerako, onartuak
Bidean ezusteko edo atzerapenik ez bada, 2014ko udal aurrekontuak datorren otsailerako behin betirako onartuak egongo direla espero da. Hona hemen, ordura arte, udal aurrekontuen gaiak jarraituko duen prozedura:
-Herritar eta eragileen ekarpenak jasotzeko epea asteotan.
-Behin behineko onarpena: abenduko ezohiko osoko bilkura batean.
-Alegazioak aurkezteko epea gero.
-2014ko udal aurrekontuen behin betiko onarpena: 2014ko otsailaren erdialdean.