Errigora ekimeneko saskiak heldu dira NOAUA!ra

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 28a, 00:00

Nafarroa hegoaldean ekoitzitako kalitate goreneko produktu goxo askoez hornituriko saskiak heldu dira gaur NOAUA!ko egoitzara. Hilabete honetako lehen hamabostaldian zehar, zonalde hartako euskalgintza eta nekazaritza sustatzeko Errigora ekimenaren eskutik martxan egon den kanpainaren baitan, 27 saski eskatu dituzue. Eskaera bideratzeko izena eman zenutenak nahi duzuenean pasa zaitezkete NOAUA!ko egoitzatik, otarra hartzera; bi botila olio (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa), barazki krema (ekologikoa).

Produktu sorta eder hau, 50 euroren truke. Eta gogoan izan, ordaindutako diru kopuru honen %25a Nafarroa hegoaldeko euskalgintzako proiektu zehatzak laguntzera bideratuko dela; egoera larrian den Lodosako ikastolara; “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenera; eta Erriberako helduen euskalduntzea mantendu eta zabaltzera. Iaz Zazpiak Bat Harreman Sarearen ekimenez martxan jarritako egitasmo hau, Ikastolen Elkartearekin batera garatu zen. 1.500 saski banatu eta duela gutxi Nafarroa Oinez ospatu den Tuterako Argia Ikastolara 34.000 euro bideratzea lortu zuten.

Aurten, egitasmoari izen propioa jarri diote, Errigora, eta aurreko urteko lorpena hobetu nahi dute. Oraingoan gainera eragile gehiago batu dira, ekimen hau aurrera ateratzeko. Errigora, Zazpiak Bat, AEK, Ikastolak eta Sortzen elkarteak hain zuzen. Eta gero, kanpaina zabaltzeko, lekuan lekuko beste hainbat eragilerengana jo dute. Usurbilen, NOAUA! Kultur Elkartera.  

Errigoraren berri hemen:
Facebook: facebook.com/ERRIGORAgara
Twitter: @errigora

EPERRA IKASTOLA LAGUNTZEKO OTARRAK
Abenduaren 3ra eska daitezke, NOAUA!ko egoitzara etorrita edo kultur elkarte honetara deituta. Telefono zenbakia: 943 360 321. Nafartarrak taldekoek antolaturiko kanpaina martxan da berriz. Aurtengo edizioa, abenduaren 22ko Santo Tomas Azokan egingo duten ekimenarekin borobilduko dute. Gogoan izan, Sohütako Eperra ikastola laguntzeko, bi otarron artean aukera dezakezue:

AHUSKI OTARREA

Prezioa: 39 euro.
Produktuak: ardi gazta (1kg), ahate gibelarekin eginiko patea (200 gr.), bizkotxo poltsa "artisanala" (200 gr.) eta eztia (500 gr.).

IRATI OTARREA
Prezioa: 51 euro.
Produktuak: ardi gazta (1kg), ahate gibelarekin eginiko patea (200 gr.), bizkotxo poltsa "artisanala" (200 gr.), xahalki xehatua saltsan (750 gr.).

Informazio gehiago: www.xiberokoikastolak.eu