Sen taldekoen azken kontzertua, abenduaren 14an Aginagan

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 28a, 00:00

Hasieratik esana zuten, kontzertu sorta bat eskaintzeko itzuliak zirela. Martxoaren 16an hasi zuten bira modukoa Usurbilgo Gaztetxean. Eta orain, bira honi amaiera data jarri diote. Hamarkada bateko etenaldiaren ostean, oholtza gainera itzulitako Sen taldeak agur esango die zaletu guztiei, datorren abenduaren 14an, Aginagako Eliza Zaharrean.

Odolaren Mintzoa taldekoekin
Usurbilgo Gaztetxean jo zuten martxoan. Gerora, Gazte Danbadan, edota besteak beste, Santixabeletan edota Urdaiagako Xanixtebanetan ere kontzertu bana eskaini zuten. Haritz Harreguy usurbildarra kide duen musika taldearen azken emanaldia izango da Aginagakoa. Eurekin usurbildarrak kide dituen beste talde batek ere joko du. Duela gutxi, lan berria kaleratu duen Odolaren Mintzoa taldekoak izango dira Aginagako Eliza Zaharrean; Luken Arkarazo, Beñat eta Joanes Txueka anaiak, eta Jokin Irastorza. Eta goizaldera arte luzatuko den parranda giroa borobiltzeko DJ baten emanaldia programatu dute aginagarrek. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira. Baita aldez aurretik ere. Zehaztasun gehiago, hurrengo egunotan. Eliza Zaharrako kontzertu gaua, abenduaren 14an, larunbatez, 23:00etatik hasita.