Abenduan sartzearekin batera beteko du lehen urtemuga, hilero lehen igandeetan pintxo bereziak dastatzeko Hurbilago Elkartetik egin ohi duten deialdiak; Tipi-Tapak alegia. 2012ko abenduan proba moduan ospatu zen lehen edizioak izandako harrera ikusita, ordutik amaitzear dugun urte honetan zehar hilero (udan izan ezik) antolatu dute ibilbide gastronomikoa. Hasieran Kaxkoko bost edaritegik bat egin zuten ekimen berri honekin; Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Aitzaga eta Txiriboga tabernek. Boskoteari bi lagun batu zaizkio irailaz geroztik; Xarma eta Txirristra.
"Probatu dutenek gustuko dutela diote"
Bai tabernariak, bai bezeroak, denak pozik, Tipi-Tapari buruzko balorazio ezin hobea egiten dute edaritegietako barraren alde bietan. Ikusi besterik ez dago, hilero lehen igandeetako ibilbide gastronomikoak duen harrera.
Urtea bete du Tipi-Tapak. Igande goiz eta eguerdi partean ospatuko da 2013ko azken edizioa. Oraingoan, hirugiharrarekin eginiko pintxo bereziekin. Edariarekin 2 eurotan, mokadu berezia bakarrik, 1,5 euroren truke. Eta hilero moduan, Hurbilago Elkarteko saltokietan xahutzeko 150 euroko erosketa balea zozketatuko dute; igandeko zozketa, 15:00etan Txirristran. Tipi-Tapako pintxo bereziak berriz, 7 edaritegiotan; Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernetan.