Ezkurraren inguruko jardunaldi eguna larunbatean, Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 29a, 00:00

Arropa erosoa jantzi eta Usurbilgo Gaztetxera gerturatzeko gonbita luzatzen dute larunbat honetarako, azaroaren 30ean, goizeko 11:00etan. Ezkurrari loturiko jardunaldia antolatu dute gaztetxekoek eta 2011ko udazkenean Euskal Herri mailako topaketak Usurbilen antolatu zituzten Auzolan Elkartekoek. Hain zuzen, aurtengo topaketa hauek Gernikan ospatu dira. Han bildutako ezkurrak zuritu eta sukaldatzeko aukera izango da lau egun barru gaztetxean. Ezkurrak zuritzeko era desberdinak, ezkurrak gorde eta mantentzea, zapore mikatza kentzeko era desberdinak eta ezkurrak sukaldatzen ikasi ahalko da. 

Goiza borobiltzeko sukaldean prestatutakoa jateko aukera izango da. Bazkari beganoa antolatu baitute azaroaren 30erako, borondatearen truke. Ezkurrarekin eginiko platerak dastatu ahalko dira bertan. Informazio edo argibide gehiago behar duenak, idatzi dezala helbide honetara: dawamoru2012@gmail.com.