Ate joka dugu jada abenduaren 3ko Euskararen Eguna. Euskararen inguruko hainbat ekimen antolatu dira asteotarako. Albiste honen behe aldean duzue, alor honi lotuta, egunotarako deitu den hitzordu sorta. Hasteko, hileroko kantu-jira ospatuko da larunbatean. Oraingoan ordea, dantza batean abiatuko da azaroaren 30eko ekitaldia, 19:00etan Mikel Laboa plazatik. “Hilabete bada jada Usurbilgo talde sendo bat euskal dantzak ikasten ari dela Udarregi Ikastolan. Ikasi dutena plazaratzeko asmoa daukate. Horregatik, Kantu Taldeak eta Dantza Taldeak elkarlanean antolatu dute ekimena: kantua eta dantza txandatuz”, adierazi dute antolatzaileek. Kanturako eta dantzarako gonbita egina dago beraz, larunbat honi begira.
Kantu Taldekoak kalera, Euskararen Eguna ospatzera
Abenduaren 3ko Euskararen Eguna, asteartez egokitu da aurten. Asteartetan entseatzeko bildu ohi dira Kantu Taldekoak Udarregi Ikastolako musika gelan. Datorren asteartean ordea kalera irtengo dira, Euskaren Eguna ospatzera. Kantu-jira labur bat egitekoak dira herrian zehar, iluntzeko 19:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuta. Eta ondoren, Txapeldun tabernan lagun arteko kantu afari goxo bat antolatu dute. Afaritarako txartelak salgai egongo dira 15 eurotan, abenduaren 2ra arte, Txapeldun tabernan bertan. Afaritarako menua, ezin erakargarriagoa: iberikoaren platera, frijitu nahasiak, gazta-menbriloa eta kafea.
HAURRENTZAKO ZINEA EUSKARAZ: “Blackie & Kanuto”
Usurbilgo Udalak azarotik martxora antolatu duen euskarazko zine zikloaren baitan, ate joka ditugu, abenduko haur eta helduentzako proiekzioak. Lehena, igande honetarako, abenduaren 1erako programatu dute etxeko txikienentzat. “Blackie & Kanuto”, 17:00etatik aurrera kultur etxeko auditorioan. Francis Nielsen zuzendariak 2011n ekoitzitako lan honetan, Blackie ardi beltzaren istorioa kontatzen da. Ilargira joatearekin tematua dago. Kanuto, ardi beltz honekin itsututa dago. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, 3 eurotan.
“Azken bidaia”
Azaroan bezala, abenduaren ere haurren filma proiektatuko da lehen igandean. Eta bigarrenean, hau da hilaren 8an, helduena 18:00etatik aurrera; “Azken bidaia”. Duela 60 urte baino gehiago, gau batez izandako zorigaiztoko gertaera bat azaltzen du dokumentalak. Pirinioetatik gertu kokaturiko baserri batean sei pertsona atxilotu zituztenekoa. Lagun hauen eta II. Mundu Gerran Cometè Ihesbide Sarea osatu zuten ehunka pertsonen historia kontatzen du filmak. Kulturaldian Udalarekin elkarlanean proiektatu genuen Zumetaren sortze lanari buruzko dokumentaleko zuzendarietako bat dugu, film honetan postu berean; Enara Goikoetxeaz ari gara. Iurre Telleriarekin batera gauzatu du proiektu hau. “Azken bidaia” ikusteko sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 5 eurotan.
MUSIKA, MIKEL LABOAREN OMENEZ
Bost urte beteko dira igandean, abenduaren 1ean, Mikel Laboa gure artetik joan zenetik. Aurreko urteetan bezala, Usurbilen hain maitea zen artista gogoan izango da egunean zehar, abenduaren 1ean. Bere musika entzun ahal izango da Kaxkoan.
EUSKALTZALEEN AGENDA, BETEA ORAIN ERE USURBILEN
Azaroak 30, larunbata
19:00 Kantu-dantza jira Mikel Laboa plazatik.
Abenduak 1, igandea
Egun osoz, Mikel Laboaren musika entzuteko aukera Kaxkoan.
17:00 Haurrentzako zinea euskaraz Sutegin: “Blackie & Kanuto”. Sarrerak egunean bertan, 3 eurotan.
Abenduak 3, asteartea
9:00-16:30 Ekimenak egun osoz, Udarregi Ikastolan.
17:00 “Bertsol Haritza” ipuin kontaketa saioa, Aginagako ludotekan. 5-12 urte artekoei zuzendua. Doan.
19:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Ondoren, kantu-afaria Txapeldun tabernan. Txartelak 15 eurotan salgai, abenduaren 2ra arte.
Abenduak 5-8, ostegunetik igandea
48.Durangoko Azoka. Zenbait usurbildarren lanak eskuragarri bertan.
Abenduak 8, igandea
18:00 Helduentzako zinea euskaraz Sutegin: “Azken bidaia”. Sarrerak egunean bertan, 5 eurotan.
Abenduak 10, asteartea
18:00 Maite Frankoren, “Mundipurdiko ipuinak” saioa liburutegian. HH5ekoentzat.
Abenduak 11, asteazkena
19:00 Kike Amonarrizen hitzaldia Sutegin: “XXI. mendeko euskaldunak: Nola aldatu(ko) diren gauzak Kamarada”.
Ekitaldi hauei buruzko informazio gehiago: web orrialde honetako agendan.