Manifestazioa larunbatean Donostian, enplegu eta negoziazio kolektiboaren defentsan

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 29a, 00:00

Langabeziari aurre egiteko mobilizatzera deitzen du LAB sindikatuak bihar, Gipuzkoako hiriburuan antolatu duen manifestazioarekin. Atzoko Mobilizazio Egunaren ostean dator larunbateko hitzordua. Hego Euskal Herri luze eta zabalean elkarretaratzeak antolatu zituzten han eta hemen. Usurbilen, Ugaldea industria gunerako sarreran sindikatuko ordezkaritza talde bat bildu zen, enplegu eta negoziazio kolektiboaren defentsan, eta lan harreman eredu berri baten alde. Atzoko mobilizazio eguna, larunbat honetarako LAB sindikatuak Donostian deitu duen manifestazioarekin borobilduko dute. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bulebarretik.

Abenduaren 31, inflexio puntu garrantzitsua
LAB sindikatutik, bizi dugun egoera bideratzen ez bada, datorrenaz ohartarazten du: "Negoziazio kolektiboari irtenbiderik ematen ez bazaio, egoera guztiz larrituko da". Egungo lan harreman ereduak eta eredu ekonomikoak langile eta herri moduan porrotera garamatzatenez argi diote, "gure herriko ekonomia, dituen ezaugarri bereziekin, ez da inoiz berpiztuko lan harreman eredu prekarioan oinarrituta eta negoziazio kolektiboari uko eginez".

Kasu askotan abenduaren 31ra arte luzatu dira lan baldintzak eta datozen aste hauek giltzarriak izango direla aipatzen dute LAB-etik. "Berriro ere inflexio puntu garrantzitsua daukagu aurretik eta hilabete hauek erabakigarriak dira", ohartarazten dute. Langabeziari eta pobreziari aurre egin diezaiokete herritarrek sindikatuaren esanetan. Badituzte hiru bitarteko; "mobilizazioa, borroka eta elkartasuna". Horregatik, kalera ateratzeko deialdia luzatzen dute larunbatean. Enplegu eta negoziazio kolektiboaren aldeko manifestazioa bihar 17:30etan, Donostiako Bulebarretik abiatuta.