"Nik ere gelditu dut" jaialdia, abenduaren 29an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 30a, 00:00

Errauste planta proiektua geldiarazi izana ospatuko da abenduko eta urteko azken igandean, Usurbilen. Jaialdia gaur eguerdian iragarri dute Gipuzkoa Zero Zabor eta herrietako Zero Zabor taldeetako ordezkariek, frontoian egin duten agerraldian. Errauste planta proiektua gelditu izana mugarri bat dela adierazi dute, "zaborraren eta errausketaren aroari bukaera eman, eta, Zero Zabor aroa abiatzen duen mugarria". Aro aldaketa hau garaipen bat dela, eta garaipena ospatu beharra dagoela zioten. 

Ospakizunerako hitzordua finkatu dute, aipatu moduan, abenduaren 29rako Usurbilen. Jaialdiaren inguruko zehaztasunen berri aurrerago emango dute, baina gaur iragarri duten ekimenera gerturatzeko gonbita jada, luzatu dute: "Bidelagun izan ditugun herritar guztiokin batera ospatu nahi dugu garaipena. Haur, heldu eta gazte, guztiontzat animazio eta jai giroa izango duen jaialdia antolatuko dugu".

Gonbita luzatzearekin batera, errauste planta geldiarazten lagundu duten herritar, eragile eta erakunde guztiei, "zorionak eta eskerrik beroenak" eman nahi izan dizkiete, lorturikoaz gozatzera animatzearekin batera, gogorarazi dutenez, "urte luzez gipuzkoarron osasuna, ingurumena eta ekonomia mehatxatu dituen proiektu toxiko horrenak egin du" eta. Lorpen handitzat jotzen dute, errauste planta proiektua bertan behera uzteko, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak enpresekin iragan azaroaren 13an adosturiko akordio historikoa.

Gastu eta kalte ordainen erantzuleak, GHK-ko aurreko buruak
Ahotan hartu dituzte baita, eta zenbait eragile politikok esandakoaren aurrean argi utzi nahi izan dute beste behin, errauste planta proiektua gelditzeak ekarri dituen kostuak zenbatekoak diren. "Errauste planta eraikitzeak 200 milioitik gorako gastua ekarriko liguke. 25 aldiz diru gehiago aurreztea lortu dugu, Denisek eta konpainiak gastatu arazi nahi digutena baino. Osasuna eta ingurumena babesteagatik ordaintzeak merezi badu, nola ez du mereziko 200 milioi eurotik gora aurrezteak?", galdetzen zuten zero zabor taldeetako kideek. 

Errauste plantak eragin dituen gastu eta kalte ordain guztien ardura, bere garaian, Carlos Ormazabalek (EAJ-PNV) eta Denis Itxasok (PSE-EE) zuzentzen zuten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Administrazio Kontseiluarena dela diote zero zabor taldeetako ordezkariek. Eta argi zioten eguerdian frontoian, "orain eragiten duten zalapartak, ez ditu erantzukizun horretatik libratzen".

Gogora ekarri dute 2011ko urriaren 13an, orduko GHK-ko Administrazio Kontseiluak deitu zuen ez ohiko bilera. Legegintzaldi berri honetan GHK-ko buru izango zirenek erraustegia eraikiko ez zutela jakin arren, "premiaz deitutako ez-ohiko bileran, errauste plantaren oinarrizko proiektua onartu zuten, orain bertan behera utzi behar izan diren kontratuak indarrean jarriz. Orduan ere gogor salatu genuen horren asmo bakarra: gipuzkoarrei xantaia egitea, haien proiektu toxikoan atzera egiteari ordain ekonomikoa jartzea". Horregatik, onartezintzat jotzen dute errauste planta gelditzeak ekarri dituen gastu eta kalte ordainen ardura egungo GHK-ko arduradunei leporatzea.

Aipamen hauen gainetik halere, pozik agertu dira Gipuzkoa Zero Zabor eta herrietako zero zabor taldeetako kideak. Errauste planta gelditu izana ospatzeko prest dira. Hilabete barru, jaialdia Usurbilen.