Meritu galanta izan dute gaur Zubietan ospatu den mendi duatloi proban parte hartu duten lasterkariek. Mendi inguruak guztiz lokaztuak zeuden eta zailtasun ugari izan dituzte kirolariek ibilbide zati hau osatzeko. Eroritakorik ere izan da. Errazago moldatu dira noski, Zubieta herri guneko ibilbide zatian.
Korrika eta bizikleta gainean osatu behar zuten zirkuitua hain zuzen, Zubietako eliza atari paretik abiatu dute parte hartzaileek. Leku berean amaitu dute, 4,2 kilometro korrika, beste 8,9 kilometro bizikleta gainean eta azken 2,21 kilometroak berriz ere lasterka egin ostean. Gizonezkoetan helmugara heltzen lehena, Jon Erguin izan da. Bosgarren postuan sailkatu da lehen usurbildarra; Ion Korta Arregi. Emakumezkoen artean, Aitziber Ibarbia. Lau emakumezkok parte hartu dute Zubietako duatloian. Beste zenbait lasterkari bezala, bat bidean zehar erretiratu da.
Proba zaila, gogorra benetan Zubietakoa. Hotz handia egiten zuen arren, parte hartzaileen lagun eta senideek girotu dute goiz eta eguerdi parteko giroa. Lasterkariak egiten ari ziren ahalegina ederki asko txalotu dute guztiek. Kirolarien artean baziren zubietarrak eta usurbildarrak.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken proba puntuagarria zen gaurkoa. Irailean jokatu zen lehen saioa Ibarran. Gero Mallabian, Arriaranen, Lizarran, Zallan, Amasan, Murgian, Ozaetan, aurreko asteburuan Urduñan, eta azkenik gaur Zubietan ospatu da hirugarren ediziora heldu den azken proba.