Estreinatu berri dugun abenduan, gabonak eta gabonetako ekintzak izango ditugu hizpide nagusien artean. Zenbait herri eragile, datozen eguberriotarako ekimenak antolatzen dabiltza. Aisialdi eskaintza aukera zabala izango dugu aurten ere; Gaztelekuan, Aginagan, Kiroldegiko Gabonetako Parkean... Antolaketa lanak bideratzen hasiak dira batean eta bestean. Adi ohar hauei:
GABONETAKO PARKERAKO BEGIRALEAK BEHAR DITUZTE
Usurbilgo Udalak eguberrietarako (aurten abenduaren 26tik 28ra), Oiardo Kiroldegian antolatu duen Gabonetako Parkerako begiraleak behar dituzte. Keima Animazioak enpresak kudeatuko du haur eta gaztetxoak hurrengo oporraldian entretenitu eta dibertituko dituen aisialdi gunea. Bertan lan egiteko interesa duenak, kurrikuluma bidali dezake helbide honetara: keima@sartu.org. Lanerako eskatzen duten profila honakoa da: batetik, begirale titulua izatea eta bestalde, EGA edo titulu baliokidea izatea.
JOSTAILU AZOKARAKO LAGUNTZA
Lehenago, abenduaren 14an frontoian ospatuko den Jostailu Erabilien Azokari begira laguntzaileak behar dituzte antolatzaileek, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteko kideek. Bai larunbat goizez, 11:00-13:00 artean frontoian egingo den azoka egunerako. Baita abenduaren 11tik 13ra, 17:00-19:00 artean Sutegiko erakusketa aretoan deitu duten jostailu bilketarako ere. Animatzen direnek idatzi dezatela hitzaho@udarregi.com helbidera edo zuzenean jar daitezela harremanetan guraso elkarteko kideekin.
AGINAGAKO TXOKOETAN IZEN EMATEA ZABALIK
Etxeko txikienek primeran pasatzeko aukera izango dute Aginagan, Antxomolantxa Elkarteak abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra antolatu dituen gabonetako txokoei esker. Astelehenetik ostiralera goizero eta lau orduz Aginagako ludoteka, jolas leku handian bihurtuko da, 9:00-13:00 artean (tartean egokitzen diren jai egunetan izan ezik). Plaza erreserbatu nahi duenak, aurrez izena eman beharko du. Abenduaren 13a baino lehen, 637 332 402 telefono zenbakira deituta. Bazkideek 20 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 40 euro.
HURBILAGO SAN SILVESTRE HERRI LASTERKETA
Hirugihar pintxoekin sabela betetzeko aukera ederra egon zen atzoko Tipi-Tapan. Ba atzoko mokaduak eta datozen eguberrietan irentsitakoak botatzeko, irtenbide egokia du Hurbilago Elkarteak. Laugarrenez, Hurbilago San Silvestre herri lasterketa antolatu du 2013a agurtzeko, abenduaren 31rako, 17:00etan Mikel Laboa plazan. Izena emateko ordea, oraindik zertxobait itxaron beharko da. Apuntatzeko epea abenduaren 16an ireki asmo dute antolatzaileek.