Hiri eta industria hondakinak bildu, garraiatu, baloratu eta ezabatzeko gaitasuna eskuratuko du (2. mailako profesionaltasun ziurtagiria), 2014ko urtarrilaren 16an abiatu eta apirilaren 1era arte luzatuko den ikastaro honetan parte hartzen duenak. Hiri hondakinak edo udalerriko eta industrietakoen bilketa eta tratamendua, edota lanpostuan laneko arriskuak prebenitzeko neurriak hartzea, gaiok jorratuko dira, Lanbidek diruz-lagunduta Udalak antolatu duen prestakuntza ekimen honen baitan.
Saioak goizez izango dira, astelehenetik ostiralera, 8:30-14:00 artean, Atallu industrialdeko Prestakuntza zentroan, Zanpiura 3 zenbakian. 270 ordu guztira. Ikastaroa langabetuei zuzendua egongo da. Eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da, honako titulazio hau edukitzea: Bigarren Hezkuntzako lehen etapa, eskola-graduatuaren tituluarekin edo baliokidearekin.
Baloragarria izango da bestalde, DBE jasotzailea izatea, 35 urtetik behera edo 45 urtetik gora izatea eta lan eskatzaile moduan gutxienez 6 hilabete egotea, denbora luzean lanik gabe egotea... Honez gain, baloragarria izango da baita, ikastaroa egiteko interesa duenak Mendebaldeko Donostialdean bizitzea, eta kontuan hartuko da sektorean, kamioiak gidatzen eta hauen mantenu mekanikoa burutzen ikasleak duen esperientzia. Euskararen ahozko erabileraren egokitasuna ere baloratuko da.
Izena emateko epea zabalik dago, abenduaren 17ra arte, Lanbideko bulegoetan; usurbildarren kasuan Lasarte-Oriako Lanbideko bulegoan. Informazio gehiago udaletxean: 943 371 951.
EKINTZAILEENTZAKO DIRU-LAGUNTZA DEIALDIA
Lanbidek eta Donostia-Mendebaldea eskualdea osaturiko udalek antolatu dute deialdi hau. Ekintzaileen negozio ideiaren azterlana eta enpresa ideia abian jarri edo alta ematera bideratu nahi dituzte laguntzok. 1.500 euro azterlanera, eta beste 1.500 euro ideia martxan jartzeko. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago, abenduaren 5era arte, Andoaingo Udalean. Plaza kopurua mugatua izango da, eta horregatik, “aurkezturiko eskaera guztien artean irizpide hauek jarraituz hautaketa bat egingo da: sustatzailea eta enpresa ideia arteko bateragarritasuna, langabezian egondako denboraldia eta negozio ideia”. Hona hemen, diru-laguntza deialdiaren zehaztasunak:
-Eskaerak: abenduaren 5a baino lehen, Andoaingo Udalean.
-Emango diren laguntzak: 1.500 euro negozio ideiaren azterlanerako eta beste 1.500 euro enpresa ideia abian jarri edo alta emateko.
-Oharra: plaza kopurua mugatua.
-Informazio gehiago: 943 304 221 edo ekinean@andoain.org
-Deitzailea: Lanbide eta Donostia-Mendebaldeko Udalak (Usurbilgoa tartean).