Abizena euskalduntzea, kontu erraza

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 3a, 00:00

Buruntzaldeko udaletako Euskara Zerbitzuek martxan jarritako "Apelliduak abizendu" egitasmoa ez da gaurkoa, baina indarrean jarraitzen du interesa duen ororentzat. Alegia, abizena euskarako grafiara aldatu nahi duen orori zuzendua dago albiste hau. Bereziki, nortasun agiria berritzekotan diren gazteei. Kasuotan, abizenak euskalduntzea errazagoa baita, tramite aldetik.

Norbere abizenaren euskarazko grafia zuzena zein den jakiteko, www.euskaltzaindia.net/eoda/deiturak web orrian sartu besterik ez duzue. Abizena euskarako grafiara aldatzea berriz, kontu erraza da. Usurbilgo Bake Epaitegira agiriok eraman besterik ez duzue:
-Errolda agiria. Udaletxeko bulegoetan egiten dena.
-Jaiotze agiri literala: Herriko Bake Epaitegian egiten dute (Donostian erregistratuta daudenek Donostiako Erregistro Zibilera joan behar dute).
-NANren fotokopia.
-Familia liburua (ezkondua egon edo seme-alabarik izanez gero).

Argibide gehiago, Euskara Zerbitzuan: Potxoenean bertan edo 943 371 999 telefono zenbakian.