Euskarazko Produktuen Katalogo berria, kalean da

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 3a, 00:00

Irekitzear den Durangoko Azokara joan eta hainbesteko eskaintzaren aurrean, zer aukeratu, zer erosi, buruhausterik izaten du guraso batek baino gehiagok urtero. Gauza bera gertatzen da sarritan, gertu ditugun eguberrietan opariak erosterakoan ere. Baina lasai egon gaitezke, hamaseigarrenez jada kalean da eta, Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuk elkarlanean argitaratu duten Euskarazko Produktuen Katalogoa. 130.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan. Tartean Usurbilen, Udarregi Ikastolako ikasleen artean adibidez.

2013-2014 ikasturteko edizioan ere, merkatuan aurki daitezkeen kalitatezko euskarazko produktu berrienak datoz bilduma berrian. Produktu guztiok zortzi ataletan sailkatu dituzte; musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak. Zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da, eta produktuen gutxi gorabeherako prezioa ere adierazten da. Katalogoa, 16 urte arteko haur eta gazteei baita euren gurasoei ere zuzendua dago eta paperean bakarrik ez, sarean ere eskura daiteke. Helbide honetan; katalogoa.org. Ataria, urte osoan zehar eguneratzen dute. Papereko edizioan baino eskaintza zabalagoa dago. Bertan euskarazko produktu eskaintza kontsultatu, iruzkinak idatzi edota erosketak egin daitezke. Gida lagungarria datozkigun jaiotarako.