Bi egun baino ez 48. Durangoko Azoka irekitzeko. Abenduaren 5etik 8ra, ehunka postu, kontzertu, aurkezpen, ekitaldi eta bestelako ekimenen lekuko izateko aukera egongo da Durangon. Bertaratzeko asmoa duzuenontzat, jakin ezazue, usurbildarren hainbat lan aurkituko dituzuela salmenta postuetan:
-Joxan Artzeren bi poesia liburu: "Heriotzaren ataria dugu bizitza" (Elkar) eta "Bizitzaren atea dukegu heriotza" (Elkar).
-Mikel Laboari buruzko Jose Luis Zumetaren liburua: "Xume. Laboa Zumetarenean" (Elkar).
-Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 25. urteurreneko Amagoia Mujikaren liburua: "Sentitu, Pentsatu, Ekin!" (Elkar).
-Odolaren Mintzoa taldearen lan berria (Oihuka).
-Joseba Tapiaren lan berria: "Tximela kapitainaren izarrak" (Gor).
Tailerrak
Lan berrioz gain, beste usurbildar bat, Yolanda Arrieta idazleak idazketa tailerrak eskainiko ditu Durangoko Azokan. Irekiera egunean bertan, abenduaren 5ean, "Egun batez idazle" izenburupean. LH 4.mailako ikasleei zuzenduak egongo dira. Saioak, 10:30etan, 12:00etan eta 14:30etan, Saguganbara gunean (Landako ondoan).
8 gune
Bi egun barru irekiko duten azokaren baitan hainbat ekitaldi burutuko dira. William A. Douglass Renoko (AEB) antropologoak jasoko du Gerediaga Elkartearen eskutik, 2013ko Argizaiola Saria. AEB-tako mendebaldeko euskal inmigrazioaren aditurik garrantzitsuenetarikoak hain zuzen. Euskal kulturaren ikerlaria, Renoko Basque Studies Program-aren sortzailea izan zen, eta hiru hamarkadaz hango zuzendari jardun zuen, 2000. urtean erretiroa hartu zuen arte.
Bestalde, urtero moduan, oraingoan ere, herrialde gonbidatu bat izango du Durangoko Azokak; 2013 honetan, nola ez, Eskozia. Bertako arlo politiko eta kulturala landuko da.
Zortzi guneotan banatuko da Azoka (Artisautza Azokarekin batera), gehienak Landako bertan edo inguruan kokatuak:
-Azoka: argilatetxe, disketxe, erakunde, elkarte eta abarren 100 postutik gora. Egileak sinatzen.
-Kabi@: teknologia eta eduki libreen gunea. Kultura digitala, esperimentazioa, eztabaidak...
-Areto Nagusia: gune ofiziala. Produktu aurkezpenak, prentsaurrekoak, mahai inguruak, solasaldiak, hitzaldiak...
-Saguganbara: magia eta irudimenaren gunea. Hizkuntzarekin jolasteko gunea. Tailerrak, aurkezpenak...
-Plateruena kafe antzokia: kontzertu handien gunea.
-Ahotsenea: literatura eta musika sortzaileen gunea. Musikariak eta idazleak zuzenean ikusteko aukera.
-Irudienea: zinearen gunea. Proiekzioak, aurkezpenak eta produktuak.
-Szenatokia: arte eszenikoen aretoa. Antzerkia, musika eta dantza taula gainean.
Azokari buruzko informazio osoa: www.durangokoazoka.com