Topagunearen "Euskarak 365 egun" ekimenean parte hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 3a, 00:00

Geu izateko euskararen herrian, "euskarak 365 egun" dituela aldarrikatzeko, plazara irten, sarean ezagun egin den kartelarekin argazki bat atera eta www.365egun.eu web orrialdean zintzilikatu dezakezue. NOAUA! Kultur Elkatea kide duen Euskaltzaleen Topaguneak, Euskararen Egun honi begira antolatu duen ekimen berrian parte hartzeko gonbita duzue hau.

Euskal Herriko txoko desberdinetako herritarrek erretratua atera dute jada, "euskarak 365 egun" dioten kartelekin. Ikusgai dituzue aipatu web orrialdean. Argazki horien artean, ondoan duzuena hautatu dugu Euskararen Egun honetarako. Mikel Laboa plazan ateratakoa da, Udalbiltzak Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarritako Euskarak 365 egun ekimenari babesa adierazten dion irudi hau. Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu den kartela eskutan dutela ageri dira bi erakundeetako lehendakariak; Mikel Irizar (Euskaltzaleen Topagunea) eta Mertxe Aizpurua (Udalbiltzako lehendakaria eta Usurbilgo Udaleko alkatea). 

"Euskarak 365 egun, geu izateko euskararen herrian" kanpainaren harira, honako adierazpena kaleratu du Euskaltzaleen Topaguneak:

EUSKARAK 365 EGUN
Euskararen Nazioarteko Egunean euskaraz bizi, aldarrikatu, plazaratu, izan eta ospatzeko deia egin dugu Euskaltzaleen Topagunetik, herriz herri antolatuta dauden euskaltzaleen elkarteetatik.

Aurten, Euskarak 365 Egun dituela aldarrikatu nahi dugu, euskaraz nonahi eta noiznahi aritu nahi dugula, baina orain eta hemen nahi dugula euskaraz bizi. Euskaraz bizitzeko hautua egin dugunon aldarrikapena da, baina aldarrikapenetik haratago doana, ekimenetik eta antolakuntzatik asko duena. Euskaltzaleon hautua, hautu antolatua izan da urtetan; antolatzeko izan dugun bisioa hizkuntza komunitatearen garapenaren oinarrietako bat izan da: jakin dugu biltzen, elkarren arrimuan eragiten, hedabideak sortzen, euskarazko kulturgintzari bizia ematen, euskarazko hezkuntza antolatzen, aisialdia euskaraz bizitzeko guneak loratzen, helduak euskalduntzeko sarea osatzen eta transmisio mekanismoak martxan jartzen. Jakin dugu, batez ere, kolore anitzeko euskaltzaleentzat euskaltasunean oinarritutako espazio askeak egituratzen. Hautu hori egin dugun euskaltzaleok osatzen dugu euskararen herriaren muina eta erantzukizunez jokatzen jarraitzea dagokigu.

Gure esku dago euskararen herria osatzen jarraitzeko baldintzak sortzea. Euskaltzaleon ekarpena behar beharrezkoa izango da etorkizunean ere, inoren zain egon gabe, jarraitu behar dugu espazioak sortzen eta geureganatzen, harreman sareak ehuntzen, ardurak eskatzen eta hartzen, botereguneetan eta inguru hurbilenetan eragiten. Euskaltzaleen esku dago euskararen herriaren garapena: herrian antolatzen diren euskaltzaleen esku, administrazioetan erabakiak hartzeko ardura duten euskaltzaleen esku, harreman sareak ehuntzen diharduten euskaltzaleen esku, enpresatan lanean eta aginte organotan ari diren euskaltzaleen esku, zure eta gure esku.

Plazara irten gaitezen, herria, kalea, plaza, euskaraz bete dezagun. Bizi gaitezen euskaldun eta euskaltzale, geu izateko euskararen herrian.