Usurbilgo Kantu Taldekoek asteartero izaten dituzten entsegu saioekin egokitu da aurtengo Euskararen Eguna. Gaurkoan ordea, Udarregi Ikastolako musika gela utzi eta kalera irtengo dira kantu taldekoak. Gaur 19:00etan kantu-jira saio berezia abiatuko dute, Mikel Laboa plazatik. Afalordu aurreko tartea euskal kantuekin girotuko dute Kaxkoa, abenduaren 3 honetan. Saioa, Txapeldun tabernan amaituko dute. Lagun arteko kantu-afari goxo eta berezia antolatu baitute bertan. Afarirako txartelak atzora arte zeuden salgai 15 eurotan, Txapeldunen. Afaritarako menu ezin erakargarriagoa izango dute izena eman dutenek: iberikoaren platera, frijitu nahasiak, gazta-menbriloa eta kafea.
"Bertsol-Haritza" ipuin kontaketa saioa, 17:00etan Aginagan
Kantakizuna eta kontakizuna uztartzen dituen emanaldia antolatu du Euskararen Egun honetarako Aginagan, San Praixku Guraso Elkarteak. Arratsaldeko 17:00etan Aginagako ludotekan. Emanaldia, 5-12 urte artekoei zuzendua egongo da. Haritz batean mamitzen dira istorioak. Haritz honek, ezkurrak eman beharrean hitzak ematen ditu. Hitzok gaztetxoek aukeratuko dituzte eta haritzaren zaintzaileak hitz hori abiapuntu bezala hartu eta dagokion ipuina kontatuko du, euskal kantutegiko hainbat bertso ezagunez lagunduta. Emanaldirako sarrera doan.