Euskara erabiltzeko, jolasteko, maitatzeko dagoela gogorarazi digute gaur Udarregi Ikastolatik. Ikasleek lelo desberdinekin Euskararen Egun honetarako espreski margoturiko muralak zintzilikatu dituzte leiho eta hormetan. Aldarrikapen mezuek apaintzen zuten eraikin laranja. Ikasle eta irakasleak hain zuzen, eguneroko ohiko klaseak alboratu, eta euskarari loturiko ekimenetan parte hartzen aritu dira goizetik arratsaldera.
Ikastolako HIZPRO taldearen eskutik, HH, LH eta DBH zikloetako ikasleentzako hainbat hitzordu lotuak zituen Euskararen Egun honetarako. Goizetik arratsaldera, jokoak, antzezlanak, kantuak eta bertsoak nagusitu dira ikastolan. Ondoko irudian ageri den moduan, DBH ziklokoek esaterako, bisitan izan dituzte Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak. Saio ederra eskaini dute bazkalostean, ikastolako erdiko aretoan.
EGUBERRIETAKO KANTU SAIOAK PRESTATZERA
Abenduaren 3 honetako ekimen bereziok amaituta, bidean ditugun gabonei begira jarriko dira Udarregi Ikastolako ikasle eta irakasleak. Abenduaren 20an joango dira oporretara. Egun berean ordea, aldez aurretik, kalez kale gabon kantak abesten arituko dira; HH, LH eta DBH ziklo osoak, baserritar jantziekin. Orduotan:
9:30-10:45 LH eta DBHko ikasleak gabon kantak abestera irtengo dira.
11:30-12:30 HHko ikasle, irakasle eta gurasoak gabon kantak abestera irtengo dira. Agerialdetik frontoira.
GABONETAKO LOTERIA
Udarregiko web orritik jakinazi dutenez bestalde, "urtero bezala, Ikastolak Gabonetako loteria salgai duela jakinarazi nahi dugu. Loteria ikastolako eta Haur Eskolako idazkaritzan eros daiteke eta txartel bakoitzaren zenbatekoa 5 eurokoa izango da (4€ loteria+ 1€ laguntza)".