2013ko edizioari dagokionez, aipatu beharreko lehenengo berrikuntza edo aldaketa, eguna bera. Aurreko urteetan baino astebete beranduago ospatuko da Usurbilen, Santo Tomas Azoka. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren hilaren 15eko finala dela eta, abenduaren 22an. Santo Tomas egunaren biharamunean hain zuzen.
Berrikuntza gehiago. Helduekin batera, haurrak ere azokako partaide izango dira aurtengoan. Urte garai honi begirako ipuin kontaketa saio berezi batez gozatzeko aukera izango baitute, herritar baten eskutik: Ixabel Agirresaroberekin. 4-10 urte arteko haurrei zuzenduriko hitzorduak, Santo Tomas eguneko txerria izango du protagonista nagusia.
ELKARTASUN EKIMENAK
Kontuak eta kantuak izango ditugu datozen azokan. Kantu Taldeak eta Nafartarrak taldeak elkarlanean kantu-jira berezi bat antolatzen ari baitira. Zuberoako Sohüta herriko Eperra ikastola laguntzeko aurten ere martxan jarri duten kanpainari amaiera emango diote abenduaren 22an. Dakizuenez, Zuberoan ekoitzitako produktuez hornituriko otarrak eskatzeko aukera egon da azken asteotan. Bertatik jasoko den dirua, Eperra ikastola laguntzeko izango da. Elkartasun kanpaina honi amaiera emango dio Nafartarrak Elkarteak, Santo Tomas Azokan. Postua izango dute frontoian. Eta eguerdi partean burutuko den kantu-jira berezian parte hartzekoak dira, Sohütako guraso, musikari eta kantariak.
Bada eguerdi parterako deitu den bigarren elkartasun hitzordu bat ere. Herriko preso eta iheslarien senideak kide dituen Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak antolaturikoa Sutegin. Euren senideen egoeraren berri ematearekin batera, errepresaliatuen eskubideen defentsan eta eurak etxeratzeko ahaleginean bidelagun dituzten, herritar eta eragileei beren elkartasunaren balioa aitortu nahi diete.
SAGARDO ETA BABARRUN LEHIAKETAK
Abenduaren 22an goizetik eguerdi partera arte luzatuko den festa giroak halere ez ditu faltako ohiko osagaiak; jan edana batetik. Herritar talde bat taloak egiten arituko da, beste lagun koadrila bat gaztainak banatzen. Sagardo Eguneko antolatzaileek herrian ekoizten den sagardoa zerbitzatzen arituko dira.
Eta noski, Santo Tomas Azokako babarrun eta sagardo txapelketen sari banaketa ere ospatuko da. Adi, datorren astelehenean, abenduaren 9an irekiko baitugu izena emateko epea:
Izen ematea: abenduaren 9tik 19ra, NOAUA!ko egoitzan. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00-14:00/16:00-19:00. Informazio gehiago: 943 360 321.
Sariak:
1. Sarituarentzat: 150 euro+tapela.
2. Sarituarentzat: 90 euro.
3. Sarituarentzat: 50 euro.
SAGARDO LEHIAKETA
Oharra: sagardotegiek ezingo dute parte hartu.
Partaide bakoitzak 8 botila ekarri beharko ditu, eta botila bakoitzeko 1,5 euro ordainduko zaio.
BABARRUN LEHIAKETA
Partaide bakoitzak kilo bat babarrun ekarri behar du eta 12 euro ordainduko zaio.
Ezaugarri hauek hartuko dira kontuan:
-Itxura: osorik edo hautsita dagoen, zimurrak...
-Kolorea: zenbat eta beltzagoa orduan eta hobeagoa.
-Berdintasuna: tamainaz, kolorez... elkarren berdinak izatea.
-Dizdira: berezko dizdira beste edozein produkturekin (olio, abrilantadore...) estali edo aldatua izaten bada lehiaketatik kanpo geratuko da.
-Garbitasuna: partikula arrotzik ez izatea.