GHK-k deituriko erraustegiari buruzko ekitaldia, 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 5a, 00:00

"Erraustegia: kedarretatik argira" izeneko hitzordua deitu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), ostegun iluntze honetarako, 19:00etan Sutegin. Bertan behera geratu den erraustegiaren aurka egoteko dituen arrazoiak dira ekitaldian. Hasteko, "Bukatu da Jolasa" izeneko ikus-entzunezko lan bat proiektatuko da. "Primizia bezala aurkeztuko dugun laburmetraia honek ikuspegi kritiko batetik heldu nahi dio erraustegiaren arazoari, proiektuaren atzean egon diren interesei eta Gipuzkoako herrialdeari eragin dion mehatxuari", berri eman dute estreinatu berri duten web orri bidez,www.GHKinfo.com ataritik. Proiekzioaren ostean, GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak hartuko du hitza (ondoko argazkian), eta amaieran, bertaraturikoek galderak egiteko aukera izango dute. 

Usurbilgo ekitaldia, Kontsortzioa Gipuzkoako hainbat udalerrietan antolatzen ari den jendaurreko hitzaldi sortaren baitan kokatua dago.

"Gipuzkoak ezingo zukeen jasan gastu hori"
Gaur iluntzeko ekitaldia iragartzeko eskuorriak banatu dituzte etxeetan. Bertan argi uzten dute zenbakiekin, bertan behera utzia dagoen erraustegia ez zela beharrezkoa. “Hondakinen aurreikuspenak erraustegia justifikatzeko interesaren arabera egin ziren. Azterketa horrek zioen birziklatze maila oso txikia izango zela, eta gero eta hondakin gehiago sortuko genuela. Erraustegia urtean 260.000 tona zabor erretzeko diseinatu zen. Gaur egun 194.000 tona zabor sortzen da Gipuzkoan eta urtetik urtera kopuru hau beherantz doa, birziklatzea gora doan heinean”, GHK-koen esanetan. 

Errauste planta osasuna eta ingurumenarentzat arriskutsua dela gogorarazten dute. Arriskutsua airera isurtzen dituen partikula toxikoengatik eta gainera, erraustegiak “hondakin toxiko eta arriskutsuentzako zabortegiak” behar dituelako. Arriskutsua beraz, eta ekonomikoki jasangaitza. “Erraustegiak 300 milioiko aurrekontua zuen, beste 100 milioi finantziazio gastuak eta 100 milioi mantentze lanak hurrengo hamar urtetan. Gipuzkoak ezingo zukeen jasan gastu hori”, GHK-koen esanetan.

2020rako, erraustea debekatua
Horren aurrean munduko hainbat txokotan garatzen ari diren zero zabor estrategiari heldu behar zaiola nabarmentzen du GHK-k. “Zero zabor estrategia ez da utopia bat, materialak era jasangarrian kudeatzeko eredu bat baizik. Munduko hainbat herrialde eta hirietan praktika zehatzen bidez gauzatzen ari dira”, diote. Gipuzkoan ere bide bera jorratu behar dela uste du GHK-k, hondakinen arazoaren konponbidera gerturatu nahi bada behintzat. Birziklatzearen aroan gaudela, eta Gipuzkoak errealitate honi ezin diola bizkar eman adierazten dute. Eta hurrenkera honetan, hondakinak gutxitu, berrerabili, birziklatu behar direla. Deuseztea azkenerako utziz.

Gainera, ez dago beste erremediorik. Europako legediaren arabera, 2020an birziklatu daitekeen guztia ezingo da erre eta hondakinen %50 birziklatu beharko da gutxienez. Kontuan izan, Gipuzkoan hondakinen %35 birziklatzen dela egun, nahiz GHK-tik gogorarazten dutenez, atez ateko bilketari esker, %80tik gora birziklatzen duten zenbait herrietan, Usurbilen esaterako. 2016an gainera, 85.750 tona baino gehiago ezingo da bota zabortegietara.

Hemen GHK-k ezagutzera eman dituen zenbait datu:


2008-2012
Errefusa:
2008: 247.066 tona.
2009: 238.115 tona.
2010: 231.366 tona.
2011: 225.664 tona.
2012: 209.818 tona.

Birziklatzea:
2008: %29,58.
2009: %30,26.
2010: %31,71.
2011: %32,84
2012: % 34,35.

GIPUZKOAN BILDUTAKO HONDAKINAK, 2012
Bereizita: %33,8:
-Papera eta kartoia %11,2.
-Beira: %7,2.
-Organikoa: %4,7.
-Ontzi arinak: %3,7.
-Garbiguneak: %7.

Bereiztu gabe: %66,2.
-Papera eta kartoia: %8,5.
-Beira: %5,2.
-Organikoa: %54.
-Ontzi arinak: %12,6.
-Erreusa: %20.