Usurbilgo Udalak negu parterako antolatu duen euskarazko zine zikloaren baitan, “Azken bidaia” ikusteko aukera egongo da igandean, abenduak 8, 18:00etatik aurrera Sutegin. Duela 60 urte baino gehiago, gau batez izandako zorigaiztoko gertaera bat azaltzen du dokumentalak. Pirinioetatik gertu kokaturiko baserri batean sei pertsona atxilotu zituztenekoa. Lagun hauen eta II. Mundu Gerran Cometè Ihesbide Sarea osatu zuten ehunka pertsonen historia kontatzen du filmak. Kulturaldian Udalarekin elkarlanean proiektatu genuen Zumetaren sortze lanari buruzko dokumentaleko zuzendarietako bat dugu, film honetan postu berean; Enara Goikoetxeaz ari gara. Iurre Telleriarekin batera gauzatu du proiektu hau. “Azken bidaia” ikusteko sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 5 eurotan.
Beste sei proiekzio, martxora arte
Igande arratsalde ilun eta hotzak, Sutegiko auditorioko goxotasunean, butaka erosoetan eseri eta zinea euskaraz ikusiz, gozatuz igarotzeko aukera izango da martxora arte. Izenburuok osatuko dute Sutegiko film saila, hurrengo hiru hilabeteotan:
HAURRENTZAT:
-"Kiriku eta basapiztiak".
-"Malutatxo".
-"Ahmed, Alhanbrako printzea".
HELDUENTZAT:
-"Mugaldekoak".
-"Sukalde kontuak".
-"Zorion perfektua".