"Euskal Herriaren ukazio ospakizunei intsumisioa!" adierazteko ostiral honetarako, abenduaren 6rako ekimen sorta deitu dute Buruntzaldean. Herri eskolak goizean Lasarten eta Hernanin. Manifestazioa eguerdian, azken udalerri honetan. Eta gero, bazkaria eta auzolana Usurbilgo Gaztetxean. Hitzorduokin bat egin dute Ernai Usurbilek eta Usurbilgo Gazte Asanbladak. 1978. urteaz geroztik, abenduaren 6an, Euskal Herrian zer ospaturik ez dugula gogorarazten dute, NOAUA!ra helarazi duten oharraren bidez.
"Espainiako ustezko trantsizio eredugarrian Konstituzioaren onarpenarekin frankismoko erregimenaren jarraipena bermatu zuten Espainiako botere ekonomiko eta militarrak, txarrantxarekin inguratuz: zapalkuntzarako erreminta baita eta ukiezina baita.
36 urteotan txarrantxa erdoildu da ordea. Eta estatuaren egiturak dituen itoginek herritarrak ito gaituzte. Konstituzioa, herrien eta herritarren zapalkuntzarako tresna izan da eta da. Kapitalismo neoliberalaren eskutik “mirari española” etorri zen. Baina miraririk ez da existitzen eta igotzen dena beti jaisten da. Espainiako Estatua krisi sakonean murgilduta dago orain. Txapuzek halako ondorioak izaten dituzte.
Herriek eta herritarrok dugun erabakitzeko eskubidea ukatzen digu Konstituzioak, Espainia nazio banaezina inposatuz eta prekarietatera kondenatuz. Aldatu ezina eta sakratua dela diote baina kapitalaren aldeko neurriak hartzeko ez dute bi aldiz pentsatu hau moldatzeko.
Gero eta gehiago gara ordea erregimenarekin haustura planteatzen dugun jendarte sektoreak. Gure buruen jabe, gure bizitzen jabe eta erabakien jabe izan behar dugu krisiari aterabideak emateko. Euskal Herritarrok gure eredua eraiki behar dugu, jasangarria, justua, parekidea, euskalduna. Eta horretarako, ezinbestean, Konstituzioak inposatzen dituen mugak gainditu beharko ditugu".
EGITARAUA
8:00etatik aurrera: Herri Eskolak Hernanin.
10:00 Herri Eskolak Lasarte-Orian.
11:30 Bordatxo tabernan hitzordua, autoetan Hernaniko manifestaziora joateko.
12:00 Manifestazioa Hernanin.
13:30 Bazkaria Usurbilgo Gaztetxean (norberak bere bazkaria eraman beharko du, besteekin partekatzeko).
15:00 Auzolana Usurbilgo Gaztetxean.
Deitzaileak: Ernai Usurbil eta Usurbilgo Gazte Asanblada.