GHK-ren eskertza usurbildarrei, bide berri bat jorratzen aitzindari izategatik

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 10a, 00:00

“Zorionak eta eskerrik asko gipuzkoar guztien partetik”, hitzokin esker ona adierazi nahi izan zien usurbildarrei Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak, erakundeak berak abenduaren 5ean erraustegiari lotuta Sutegin antolatu zuen ekitaldian. “Eredu ezberdin bat planteatu zenuten lehenengoak izan zineten”, oroitzen zuen Intxaurrandietak, eta usurbildarrak izan ziren bere esanetan, Gipuzkoako eraldaketa bideratzen hasi zirenak. “Inork inoiz espero ez zuen bide bat” abiatu zuen Usurbilek eta zorionak eman nahi izan zizkien herritarrei, “errauskailua behin betiko atzean geratzea lortu duzue” eta.

Proiektu hau bertan behera geratu izanaren atzean egon den elkarlana nabarmendu zuen Intxaurrandietak. Urteetako ahalegina egun fruituak ematen ari dela zioen, herritarren, herri mugimenduen eta erakundeen arteko elkarlanari esker hain zuzen. Eta hondakinen kudeaketan itxi berri den errausketaren aroak erakutsi duenez, GHK-ko lehendakariaren esanetan, “herritarrok eta erakundeek bat eginez lor ditzakegu nahi ditugun helburuak”.

Pago eder bat opari
Esker ona usurbildarrei eta Udalari ere helarazi nahi izan zioten GHK-tik. Sutegiko oholtza gainera igotzeko eskatu zitzaien, legegintzaldi honetako eta aurreko alkate eta ingurumen alorreko zinegotziei; Xabier Mikel Errekondo, Mertxe Aizpurua, Imanol Azpiroz eta Jose Maria Rivadeneyrari hurrenez hurren. Eginiko lana eskertzeko, Usurbilgo Itunean ageri den irudiko zuhaitza, pago eder bat oparitu zien Intxaurrandietak GHK-ren izenean, gogoko duten lekuan landa dezaten.

Abenduaren 5eko “Erraustegia: kedarretik argira” ekitaldiak gehiagorako ere eman zuen. Une hunkigarria bizi izan zen. Irudi eta datuen bidez, errauste planta proiektua planteatu zutenetik “hil” arte, hamarkada batez jorratu duen bidea azaltzen zuen proiekzioa aurkeztu baitzuten Sutegin. Ikus-entzunezkoak, jada lurperatua dagoen proiektuak, denbora tarte honetan eragindako adierazpen eta mobilizazioak jasotzen zituen. 

Abenduaren 29an, ospatzera
Errauste planta proiektua behin betiko bertan behera geratu izana ospatzeko jaialdia antolatzen ari dira Gipuzkoa Zero Zabor eta zero zabor taldeak. Dakizuenez, abenduaren 29an ospatuko da Usurbilen. Lagun koadrila edota familiei hitzordura bertaratzeko gonbita luzatu zitzaien abenduaren 5eko GHKren ekitaldian. Eta laguntzarako deia egin zuten. Jaialdia aurrez prestatu edota egunean bertan, antolaketa lanetan parte hartzeko deialdia hain zuzen. Antolakuntza, abenduaren 29ko jaialdia lotzeko asteazken honetan biltzekoa da, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.