2014ko aurrekontuetarako iragarri diren diru partida bat baino gehiagoren aurka agertu da udal talde sozialista, hondakinen kudeaketik hasita. PSE-EEren esanetan, atez ateko bilketak 750.000 euroko gastua eragingo du 2014an, aurrekontuen %7,22 bideratuko da zerbitzu honetara. Zerbitzu defizitarioa PSE-EEtik diotenez. Atez ateko bilketak eragiten duen kostuaren aurka agertzen da, eta hau aski da sozialisten esanetan, datorren urteko udal aurrekontuei osoko emendakina aurkezteko.
Atez atekoa, "partekatzen ez dugun Bilduren apustu politiko bat da. Aurten 59.150 euro gehitu dizkio partida honi, guztira 577.650 euro, eta horri 41.500 euro erantsi behar zaizkio hondakinak biltzeko erregai zerbitzuagatik, beste partiden artean", dio PSE-EEk prentsa ohar bidez. Eta gastuak, zerbitzua eskaintzen duen enpresak bere gain hartu beharko lituzkeela irizten diote.
Gobernu taldeak atez ateko bilketa birplanteatuko ez duenez, gastuen artean 10.000 euroko diru-partida bat aurreikustea eskatzen du Ricardo Crespo bozeramaileak, organikoa biltzeko poltsa konpostagarriak banatzeko. Honi lotuta beste proposamen bat egiten du baita; organikoa biltzeko ontzi marroietan, poltsa konpostagarriak erabiltzeko aukera txertatzea, hondakinen bilketa eta tratamenduari loturiko udal ordenantzan.
Eskola publikoa: tramiteak abiatzeko eskaera
Hondakinen kudeaketaz gain, EH Bilduk aurkezturiko udal aurrekontuen aurka dago PSE-EE, etxebizitza politikari dagokionean hain zuzen. Diru iturri gehiago izateko, Udalaren jabetzakoak diren bi pisu babeseko salmentara atera nahi dituela diote PSE-EEtik. Crespok etxebizitzok konpontzeko behar beste inbertitzea eta pisuok alokairu publikora bideratzea eskatzen du.
Tasen eta zergen igoeraren aurka ere agertu da PSE-EE, EH Bilduk inguruko udalerrietan baino igoera handiagoa aplikatu duela diote. Eta zenbait murrizketen aurka daude; euskaltegira edota etxez etxeko zerbitzura bideraturiko diru partiden murrizketen kontra hain zuzen. Udalbiltzarako diru partida bat aurreikustea eta Eudeli ekarpenik ez egitea ere kritikatzen dute sozialistek. Baita herriko presoen senideen bidaia gastuetarako aurrekontuetako partida ere.
Hezkuntza gaiei dagokienez, eskola publikoaren alde agertzen da PSE-EE. Eta Usurbilen etorkizunean eskola publiko bat egoteko, kosturik eragingo ez luketen tramiteak hastea eskatzen diote gobernu taldeari.