Zozketa eta opari txartelekin, gabonetako kanpainari ekin dio Hurbilagok

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 10a, 00:00

Ekin ere ekimen desberdinekin ekin dio urte amaiera honi. Gabonetako zozketa antolatu du batetik. Zozketatuko dituzten opariak Sutegiko erakusketa aretoan dituzue ikusgai; mendiko bizikleta eder bat (Coluer Rave 270 markakoa), telebista bat (Grundig Led 40VLE630BH) eta tablet bat (Airis Onepad 735). Hiru opariok zuenak izan daitezke, abenduko erosketak Hurbilago Elkarteko establezimenduetan egiten badituzue. 10 euroko erosketa bakoitzeko txartel bat jasoko duzue saltokiotan. Zuen datu pertsonalekin bete eta jasotako saltoki bereko kaxan sartu. Eta gero, abenduaren 31ra arte itxaron. Urteko azken egunean ospatuko den IV. Hurbilago San Silvestre herri lasterketaren amaieran zozketatuko dira hiru opariok.

Opari txartelak eskuragarri
Baina bada gehiago ere. Hurbilago Elkartetik eguberriotan opariak egiten lagundu nahi diete herritarrei. Horretarako formula aproposa aurkitu du Hurbilagok; opari txartelena. Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduren batera jo, opari txartel bat eskatu, ordaindu eta dendariak, ekimen berri honetarako espresuki sortu dituzten opari txartel bat emango dio bezeroari, “zorionak!”, “maitasunez” edota “on egin!” dioten gutunazal ponpoxoetan sartuta. Opariak zozketatzeko edo opariak egiten laguntzeko proposamen ezin egokiagoa gabon hauetarako.

San Silvestrerako izen ematea
Hurbilagok antolatu dituen gabonetako zozketetako opariak Hurbilago San Silvestre herri lasterketa amaieran banatuko dituzte antolatzaileek. Abenduaren 31n ospatuko den kirol ekimen honetarako izen ematea berriz, datorren astelehenean, abenduaren 16an irekiko dute. Doan apuntatu ahal izango da, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan edota laster martxan egongo den Usurbilgo ostalari eta tabernarien web gune berrian.