Sohütako Eperra ikastola laguntzeko Nafartarrak taldeak abian jarritako urteroko elkartasun kanpaina azken txanpan da. Zuberoako produktuz hornituriko saski eder askoak eskatuak dituzuenok, egun gutxi batzuk baino ez dituzue itxaron beharko etxean jasotzeko. Nafartarrak taldetik berri eman dutenez ostiralean helduko dira otarrok Usurbila. Eta kanpaina honen antolatzaileak asteburuan banatuko dituzte saskiok.
Kanpaina borobiltzeko ekitaldia deitu du Nafartarrak taldeak, abenduaren 22ko Santo Tomas Azokan. Bertan emango dute dirutan jaso duten elkartasun babes guztiaren berri. Azokan zehar ekitalditxo bat ospatuko da, eta frontoian bertan postutxo bat ere jartzekoak dira. Honez gain, eguerdi parterako kantu-jira berezia antolatu dute Kantu Taldekoekin batera. Mikel Laboa plazan abiatu, eta frontoian amaituko da, eguerdi partean pilotalekuan bertan ospatuko den babarrun eta sagardo lehiaketen aurretik.