Bertsolari Txapelketa Nagusiko igandeko finala zuzenean, Sutegin

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 10a, 00:00

Igandean, abenduaren 15ean Barakaldoko BEC-en jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala lagun arte giro ederrean ikusi nahi duenak, Sutegira gonbidatua dago. Usurbildar talde baten ekimenez, EITB eskaintzekoa den finaleko arratsaldeko saioa zuzenean ikusi ahal izango da kultur etxeko auditoriotik. Bertsoak eta finaleko emozioa gertutik eta butaka eroso batean eserita ikusi nahi duenak, badaki zer egin; igande arratsaldeko 16:00etan gertura dadila Sutegiko auditoriora.

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga. Zortziko talde honetako batek jantziko du Euskal Herriko bertsolari onenaren txapela, Joanito Dorronsororen eskutik. Bi saio izango dira igandean; lehena goizekoa, 11:00etan hasita. Bigarrena, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. 13.500 bertsozale gerturatuko dira Barakaldoko BEC-era. 

Bertsolariek lanok burutu beharko dituzte abenduaren 15eko maratoian:

Goizean

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldean 

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.

Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Buruz burukoa

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Kartzelako lana:

Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian

Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.