Gutun soziala eratzeko lan taldearen aurkezpena ostiralean

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 10a, 00:00

Ostiral iluntzeko 19:30etarako finkatu dute hitzordua frontoian. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratu eta herrian eman daitezkeen eskubide sozialen urraketei aurre egin asmo die, hiru egun barru jendaurrean aurkeztuko den taldeak. 

Honez gain, gaur zortzirako, abenduaren 17rako batzarra deitu dute 19:00etan Potxoenean.

1, Zergatik da beharrezkoa EHko Eskubide Sozialen Gutuna?

1,1 Oraingo egoera. Eskubideen gainbehera etengabea.

  • Botere ekonomikoa, bankan eta finantza-sisteman kontzentratuta, politika publikoez erabakitzen duen benetako botere bilakatu da. Bere asmoa da instituzio publikoak banka handiaren agindupean jarritako tresna bihurtzea. Demokrazia desagertu egiten da, lobby finantzarioen eta patronalaren boterea handitzen den erritmo berean.

  • Ekonomia, gobernu neoliberalen eskutik, bankarien eta espekulatzaileen interesen zerbitzuan jartzen da, eta horrek aberastasunaren banaketa bidegabea sortzen du. Gero eta pertsona gutxiagok gero eta aberastasun handiagoa metatzen dute, baina horren prezioa da murriztea bizi-baldintza duinak lortzeko pertsonek behar dituzten baliabideak.

  • Hori da Espainiar eta Frantziar Estatuetako gobernuek jarraitzen duten estrategia. Beraren ondorioz, urte gutxian suntsitzen ari dira langileen eta herriaren borrokak hainbat urtez irabazitako gizarte lorpenak.

  • Gizarte eskubideak, administrazioei exijitzen ahal zaizkien eskubide gisa, ordenamendu juridikotik kanpo uzten ari dira; horren ordez, interes orokorreko jarduerak izatera pasatzen dira, eta, hortaz, eskura dagoen aurrekontuaren arabera erantzungo zaie.

  • Zerbitzu publikoek beren izaera unibertsala galtzen dute; pribatizatu egiten dira, gutxi batzuek negozioa egin dezaten eurekin; murriztu egiten dira, enpresa pribatua hedatu ahal izan dadin, eta zerbitzuen koordainketa ezartzen da, kontu publikoak herritarren beharren kontura doitzeko.

  • Pertsonei bizi-baldintza duinak lortzea ahalbidetzen dien lanerako eskubideasakrifikatu egiten da, akziodunen dibidenduak hobetzeko xedez. Ordainsarien murrizketa, lan-baldintzen okerragotzea, langabezia masiboa, prekarietatea eta bazterketa dira lan-kostuak modu erradikalean murrizteko tresnak, eta horrek ustez gaindituta zeuden esklabotasun egoeretara eramaten gaitu atzera.

1,2 Euskal Herriko gobernu neoliberalek estrategia horretan kolaboratzen dute.

  • Euskal Herriko gobernu neoliberalek politika horiexek gauzatu dituzte beren jarduera-eremuan. Ezin dute beren erantzukizuna mozorrotu, errua kanpoko erabakiei leporatuz. Haiek dira erabaki diren edo modu otzanean onartu dituzten politiken erantzuleak.

  • Krisiaren jatorrian dauden politika horiek krisitik ateratzeko ere aplikatzen dira, eta emaitza ezin izan daiteke hondagarriagoa izan; langabeziaren gorakada izugarria, gizarte bazterketa, zerbitzu publikoen unibertsaltasunaren galera, lan-baldintzen narriadura sistematikoa, eta patronalari erabateko boterea ematea, lan-harremanak bere komenientziaren arabera antolatzeko.

  • Botere politiko eta instituzionaletik eskubideen murrizketa ezartzen ari da, dekretu bidez, euskal gizarteari bere etorkizunaz erabakitzeko ahalmena kentzeko. Horrelako politika fiskaletatik eta aurrekontu-politiketatik ondorioztatzen den krisi ekonomikoa tresna gisa erabiltzen ari da inoizko erasorik handiena sortzeko, bai euskal langileen aurka eta bai gure gizarte osoaren aurka.

    ...


Informazio gehiago: www.eskubidesozialenkarta.com: