Seaskako egutegia eta gabonetako loteria salgai Udarregi ikastolan

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 12a, 00:00

Eguberriak ate joka ditugun honetan, pare bat ohar Udarregi Ikastolatik. 2014an ze egunetan bizi garen jakiteko Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko egutegia salgai dute. Euskal izenez osaturiko Seaskaren egutegi ezagunaz ari gara. 4 eurotan eskura daiteke, Udarregi Ikastolako idazkaritzan. Leku berean, gabonetako loteria ere salgai dute, txartel bakoitza 5 eurotan. 5 euro horietatik 1, laguntzara bideratuko dute. Gabonetako loteria, Haur Eskolako idazkaritzan ere eskura daiteke.

Lehen hiruhilekoa amaitzear dute irakasle eta ikasleek, azken txanpan dira jada. Abenduaren 20an joango dira oporretara. Aurretik ordea, ostiral goiz horretan, gabon kantak abestera irtengo dira Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko ikasle eta irakasleak. Kaxkoa eta Kalezar inguruetara joango dira, eguberriak heldu direla berri ematera.