Jakin eta Jolas pailazoak, larunbatean Aginagan

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 13a, 00:00

Sen taldekoen azken kontzertua larunbat gauean Aginagan, baina aurretik arratsaldeko 17:00etatik aurrera emanaldi berezia antolatu dute haurrentzat. Jakin eta Jolas pailazoak Aginagako ludotekan izango dira, etxeko txikienei primerako arratsalde pasa bizitzen laguntzeko prest. "Jakin kontalariak eta Jolas pailazo bihurriak abenturaz beteriko maleta eramaten dute beti. Normalean gauzak ez dira ondo ateratzen baina... Ze inporta? Momentu magikoak bizitzea baietz lortu! Izan ere batzuetan helburua lortzeko egiten dugun bidaia, helburua bera baino politago eta dibertigarriagoa da!", dio pailazo taldeak. Antxomolantxa Elkarteak antolaturiko ekitaldirako sarrera doakoa izango da.

GABONETAKO TXOKOETARAKO IZEN EMATEA IXTEAR
Ostiral hau, abenduaren 13a izango da Antxomolantxa Elkarteak eguberrietako oporraldirako antolaturiko ekimenean izena emateko azken eguna. Interesdunek 637 332 402 telefono zenbakira deitu beharko dute. Txokoetako prezioak; bazkideek 20 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 40 euro. Abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra antolatu dituzte gabonetako txokoak. Astelehenetik ostiralera goizero eta lau orduz Aginagako ludoteka, jolas leku handian bihurtuko da, 9:00-13:00 artean (tartean egokitzen diren jai egunetan izan ezik).