Jostailu mordoa bildu dute jada, larunbateko azokarako

Noaua Aldizkaria 2013ko abe. 13a, 00:00

Asteazken iluntzean argazkia atera genuenean jostailu sorta bat baino ez genuen aurkitu. Gaur goizerako ordea, Sutegiko erakusketa aretoan dagoen mahai luzea haur jokoz betea zegoen. Denak, larunbat honetan Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak antolatu duen Jostailu Erabilien Azokan jarriko dituzte. Erakusgai, edota berrerabilpena sustatu asmo duen ekimenerako zerbait utzi duenak, trukean zerbait hartu ahal izango du.

Halere, larunbat goizeko azoka baino lehen, ostiral honetan amaituko dute antolatzaileek, jostailu bilketa. Azokarako gairik utzi nahi duenak beraz, 17:00-19:00 artean Sutegiko erakusketa aretora gerturatu dadila, bertan egongo dira eta Hitz Ahokoak. 

Gogoan izan, azokarako jostailuek zenbait baldintza bete beharko dituztela:
-Jostailuak osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan.
-Bilketa egunetan jasotzen dena musu-truk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.
-Azokan jostailuak trukatzeko 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu dute.
-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute.
-Azokaren bukaeran geratzen diren jostailuak beharra duten erakundeetara bideratuko dira.

GAZTELEKUKOEN ANIMAZIOA
Jostailu Erabilien Azoka larunbat goizean ospatuko da, 11:00-13:00 artean frontoian. Gaztelekukoak ere bertan egongo dira, azoka girotzen. Amaitzeko ohar bat: Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak abenduaren 14rako frontoian antolatu duen Jostailu Erabilien Azokarako laguntzaileak behar dituzte. Baita, egunotan Sutegiko erakusketa aretoan egingo den jostailu bilketarako ere. Laguntza eskaini asmo duten herritarrek, hitzaho@udarregi.com helbidera idatzi besterik ez dute. Edo bestela, guraso elkarteko kideekin harremanetan jarri zuzenean.